Legealdi berriko Kultura Sailaren aurreneko lanetako bat aurrekoan abian jarritako Kulturaren Euskal Plana (KEP-PVC) alde batera utzi eta, haren ordezko gisa, Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratua (KAHK-CCC) aurkeztea izan zen, «obsesio identitarioa» gainditzeko asmoz batez ere —Isabel Zelaak erabili zituen hitz horiek, aurreko legealdian, oposizioan zela, KEP-PVCa kritikatzean—. Funtsean, euskarazko eta gaztelaniazko kultura berdintasunez tratatzearen aldeko apustua egin dute PSE-EEko kultur arduradunek, ikuspegi liberal batetik, biak egoera berean baleude bezala eta gainerako erakundeetatik laguntza berberak jasoko balituzte bezala. Euskararen aurkako jarrera agerikorik gabe, euskarari laguntza handiegia emateko beldur halako bat sumatu da Kultura Sailaren aldetik, zuzentasun politiko orbangabez ehundutako hitz hanpatuetan disimulatua.
Hona hemen legealdian eztabaida iturri izan diren auzi nagusietako batzuen errepaso laburra:
Praileaitz
Oposiziotik eskatutakoa, agintean ezin beteOposizioan oso ikuspegi kritikoa agertzetik behiala kritikatutakoen antzera jokatzera pasatu ziren, agintera iritsi bezain laster, Kultura Saileko arduradunak Praileaitz leize-zuloaren kasuan. Ukatu gabe, honela zuritu zuen Antonio Rivera sailburuordeak jarrera aldaketa hori: «Uste dut modu erabakigarrian aldatu den faktore bat dela hartuko ditugun erabakien kostu ekonomikoak aintzat hartzea. Aurreko legegintzaldiko aktak berriz irakurrita, lerro artean irakurtzen da aspektu hori. (...) Berriro diot, mea culpa ez banintzen behar bezain azkarra izan aurreko sailburuaren lerro arteak irakurtzeko».
Leize-zuloaren ondoko harrobia ustiatzen duen enpresak eskatutako kalte-ordainen beldurrak lotu dizkio eskuak Kultura Sailari, eta lotura horretatik askatu gabe jarraitzen du. «Kalte-ordainik gabe, ez genuke arazorik 500 metro babesteko», adierazi zuen Riverak. Kultura Sailak beldur handia die, ordea, kalte-ordainei. Gaur egun babes eremua 65 metroraino zabalduta dago, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak eremua ehun metrora zabaltzeko eskatu du.
Etxepare euskal institutua
Bandera ontziaLangile batzuen izendapenaren inguruko gorabehera batzuk zirela medio —hori argudiatu zuten, behintzat—, planeatu eta iragarri baino geroago jarri zen abian Etxepare euskal institutua, eta, horregatik, institutu horren inguruko interes falta egotzi zioten Jaurlaritzari, baina 2010eko ekainean Aizpea Goenaga zuzendari izendatu eta urte bereko urrian Donostiako egoitza nagusia inauguratu zutenetik ekimen asko eta askotarikoak jarri ditu abian Etxepare euskal institutuak munduko bazter guztietan, euskal kultura zabaltzeko asmoz. Jaurlaritzak kultur sormenari emandako laguntzaren bandera ontzi moduko bat izatera iritsi arte.
Kanpora begirako distira horrek talka egiten du, ordea, Euskal Herriaren mugen barruan arlo askotan nabari eta nozitzen diren ezintasun eta miseriekin, eta kultur eragileen artean ere errotu da kontraste horren kritika. Bestetik, Etxepare institutuak, euskarari lehentasuna aitortuz bada ere, Euskal Herriko gaztelaniazko kultura lan eta sustapen esparrutzat hartzea kritikatzen duenik ere bada, gaztelaniazko kulturak lehendik ere lagunduko duen erakunde franko baduela argudiatuta, horien artean Cervantes institutua; elkarrekin lankidetza harremana dute bi institutuok.
Guggenheim Urdaibai egitasmoa
Ezezkoan tinkoBizkaiko Foru Aldundiak Urdaibaiko biosferaren bihotzean eraiki nahi duen Guggenheim museoari ezezko argia eman eta, ahal izan duen neurrian, trabak jarri dizkio, hasieratik, Blanca Urgellek gidatutako sailak. Museo berri hori ez dela beharrezkoa esan du Urgellek, eta Jaurlaritzak ez duela egitasmoa babestuko. «Ezin dugu eta ez dugu nahi».
BBK-k Sukarrietan dituen udalekuen eremua Euskal Kulturaren Ondare Zerrendan sartzeko prozedura abiarazi zuen Jaurlaritzak 2010ean, Bizkaiko Aldundiak eraikin hori Guggenheim museo berria eraikitzeko erabiltzerik izan ez dezan. Jaurlaritzak gertuko instituzioekin izandako «leialtasun falta larria» salatu zuen orduan Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak.
Oraindik orain, aurtengo maiatzean, Guggenheim Urdaibai proiektuaren garapena, bideragarritasuna, eragina eta hari buruzko iritzia ezagutzeko egindako azterlan baten emaitzak ezagutarazi ditu Bizkaiko Aldundiak. Horien arabera, «inbertsio errentagarria» litzateke Urdaibaiko Guggenheim museoa, «eskualdea ekonomia eta gizarte arloan suspertzen lagun dezakeen elementua». Baina Jaurlaritzaren adostasunik gabe egitasmoa geldirik dago, lotan bezala.
Bilboko Guggenheim museoari dagokionez, legealdi honetan ez du aparteko polemikarik piztu, eta normaltasunez eta arrakastaz egin du lan, aurreko legealdian gertatu ziren iruzurrak eta ustekabeko galera ekonomikoak ahaztuta.
Txillida Leku museoa
Ezinezko akordioaren bilaTxillida Leku museoak 2010eko abenduaren 31n ireki zizkien azkenekoz ateak ohiko bisitariei. Erakundeen eta Eduardo Txillida eskultorearen oinordekoen arteko negoziazioek ez zuten eragotzi itxiera, eta ez dute geroztik museoa berriro zabaltzea lortu. Erakundeen porrot lotsagarri baten ondorioa da, askoren ustez, egungo egoera, baina kasu honetan, erantzukizunik izatekotan, erantzukizun partekatua du Jaurlaritzak —Gipuzkoako Aldundiarekin partekatua batez ere—, eta horrek arindu egiten du, itxuraz, zama.
Hamar urteotan bi milioi eurotik gorako defizita sortu du museoak, Txillidaren oinordekoek adierazi dutenez. Horregatik, Sotheby's etxeak 176 milioi euroan baloratutako museoa erakundeei 112 milioiren truke saltzeko prest agertu zen oinordekoen familia, baina ez dute akordiorik lortu. Negoziazioen porrota zuritzeko, erakundeek adierazi dute familiak museoa saldu ostean haren gainean erabakitzeko beto eskubidea gorde nahi duela eta horrek eten dituela negoziazioak. Aldiz, familiak dio ez duela museoa kudeatzeko beto eskubidea eskatzen, museoak bere jatorrizko espirituari eusteko beharrezko diren gutxieneko baldintza batzuk bermatzeko baizik: egungo lurretan mantentzea bildumaren batasuna; izaera monografikoari eustea; eta obraren eta Txillidaren irudiari eragiten dionaren inguruan kalitate botoa izatea.
Urgellek esan du museoa itxita egotea ez dela Jaurlaritzaren ardura, ez duelako hori eragozteko «inolako aukerarik» izan.
Tabakalera eta Donostia 2016
Definizio baten bilaGorabehera handiak izan ditu azken urteetan Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren egitasmoak. Joxean Muñoz zuzendari karguan sendoturik zegoelarik eta egitasmoakeragileen eta gizartearen onespen zabala bereganatua zuelarik, Administrazio Kontseiluak —Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak osatua— zentroaren egitasmoa «birdimentsionatzea» erabaki zuen 2010eko maiatzean, eta Muñozek dimisioa eman zuen hurrengo hilean, «proiektuarekiko koherentziagatik eta garatu ditugun ideiekiko eta inplikatu ditugunekiko konpromisoagatik». Bi urte geroago aukeratu dute zuzendari berria, Ane Rodriguez, proiektu birdimentsionatua gidatzeko. Tabakalera batez ere sorkuntzara bideratuko dela adierazi du Rodriguezek, eta «hiri kulturala» osatuko duela, Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroarekin batera Etxepare institutua, Donostiako Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta beste aterpetuta.
Azken hilabeteetan, zuzendari berriaren hautaketaren aurretik, Kultura Sailak eztabaida mingotsa izan zuen Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Aldundiarekin. Jaurlaritzako Kultura Sailak Tabakalera eta Donostia 2016 egitasmoak zuzendaritza beraren gidaritzapean egotea proposatu zuen, baina Tabakalerako Administrazio Kontseiluak ez zuen onartu proposamena. Bilduk du, izan ere, egun gehiengoa Administrazio Kontseilu horretan. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea da gaur egun Tabakalerako Administrazio Kontseiluko lehendakaria, nahiz eta Blanca Urgelli egokitzen zitzaion kargu hori. Urgellek uko egitea erabaki zuen.
2012 Bakearen eta Askatasunaren Aldeko Kulturen Urtea
Kutsu instituzional handiegia«Biolentzia deslegitimatzeko» eta «kulturaren bidez bakea eraikitzen lagun daitekeela erakusteko» deialdia egin zien Jaurlaritzak kulturaren arloko sortzaile eta eragileei nahiz herritarrei 2012 Euskadi, Bakearen eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea antolatzerakoan. Euskal Herriko nahiz atzerriko sortzaile eta artista ezagunek hartu dute parte ekitaldietan, baina kutsu instituzional nabarmena izan dute guztiek, eta ez dute inondik ere izan duten aurrekontuari egokitu beharko litzaiokeen arrasto sakonik utzi.