Sail ofiziala osatuko duten 11 film

2011ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
'THE DEEP BLUE SEA'

Terence Rattiganen antzezlana egokitu du Terence Davies zuzendari ingelesak film berria egiteko. Beste gizon batekin maitemindu den andre ezkondu baten gatazka emozionala kontatzen du, eta Rachel Weisz, Tom Hiddleston eta Simon Russell Beale ditu protagonista. Besteak beste, Distant Voices, Still Lives (1988) eta Of Time and the City (2008) daude Daviesen filmografia oparoan.

'KISEKI I (I WISH)'

Hamabi urteko mutiko bat da Hirokazu Kore-eda zinemagile japoniarraren azken laneko protagonista. Gurasoak banandu zirenetik, anaiarengandik urrun bizi da, eta harekin elkartzea da bere irrika nagusia. Veneziako Mostran Maborosi no hikari (1995) lanagatik saritu zuten, eta ordutik Japoniako zinemagile estimatuenetako bat da. Zinemaldian beste hirutan izan da, Wandafuru raifu (After Life, 1978), Hana yori mo naho (Hana, 2006) eta Aruitemo, aruitemo (2008) lanekin.

'LAS RAZONESDEL CORAZóN'

Gustave Flauberten Madame Bovary eleberriko azken atalak egokitu ditu Arturo Ripstein zinemagile mexikarrak lan berria ontzeko. Aurrez bitan irabazi du Urrezko Maskorra: Principio y fin (1993) pelikulagatik lehena, eta La perdición de los hombres (2000) filmagatik bigarrena. Epaimahaiaren sari berezia ere lortu zuen, El lugar sin límites (1978) lanari esker.

'TAKE THIS WALTZ'

Drama erromantiko bat aurkeztuko du Sarah Polley aktore, zuzendari eta ekoizle kanadarrak. Zuzendari gisa bigarren lana du, hainbat film laburren eta Away from Her (2006) film luzearen ondotik. Harekin hainbat sari jaso zituen, baita Oscar sarietarako bi izendapen ere. Aktore gisa ibilbide luzea du; sei urterekin hasi zen interpretazioaren munduan, eta hainbat zuzendari ezagunen esanetara aritu da urteotan.

'LE SKYLAB'

Familia bilera bati buruzko komedia nostalgiko bat da Julie Delpy aktore eta zuzendari frantziarraren laugarren lana. 70eko hamarkadan girotu du istorioa, eta zuzendariak berak jokatzen du protagonistaren rola. Aurrez, Looking for Jimmy (2002), Two Days in Paris (2007) eta The Countess (2009) zuzendu ditu.

'11 FLOWERS'

Wang Xiaoshuai zinemagile txinatarrak haur baten ikuspegitik kontatzen du Mao Zedong hil aurreko garai gora-beheratsua bere film berrian. Shiqi sui de dan che (Beijing Bicycle, 2001)lanagatik Berlingo Zilarrezko Hartza irabazi zuen zuzendariak, eta gidoi onenarena eman zioten sei urte geroago, Zuo You (In Love we Trust) filmagatik.

'AMERICANO'

Frantziako produkzioa da Americano, Mathieu Demyk zuzendutakoa. Aktore ezagunak aukeratu ditu, halaber, pelikulan parte hartzeko: Salma Hayek, Geraldine Chaplin eta Chiara Mastroianni harekin batera agertuko dira pantaila handian, gazte frantziar batek Mexikon egindako bidaia kontatzeko. Demyk zuzendutako lehen film luzea da, baina aktore gisa hiru dozena lanetan parte hartu du dagoeneko.

'LOS MARZIANO'

Ana Katz argentinarrak zuzendutako lanean, Guillermo Francellak eta Arturo Puigek jokatu dituzte protagonistaren rolak. Aspaldi haserretutako bi anaiaren istorioa osatu du Katzek. Familia ospakizun batean biak elkartu eta haien arteko tirabirak erakutsiz, komedia gazi-gozoa eraiki du. Gidoilari, aktore eta zuzendariak El juego de la silla (2002) lana izan zen bere lehen film luzea. Zinemaldiko Zinema Eraikitzen eta Horizontes Latinos sailetan parte hartu zuen.

'SANGUE DO MEU SANGUE'

Joao Canijo portugaldarrak Lisboako auzo periferiko batean girotutako melodrama bat erakutsiko du Donostian. Familia baten drama gogorra da filmaren ardatza. Manoel de Oliveira, Alain Tanner eta Wim Wenders zuzendarien laguntzaile lanetan aritutakoa da Canijo, eta nazioarteko hainbat zinema jaialditan parte hartu du, Cannes eta Veneziakoetan, tartean.

'ADIKOS KOSMOS(UNFAIR WORLD)'

Komedia dramatiko harrigarria eraiki du Filippos Tsitos zuzendari greziarrak. Mundu justuago bat lortzearekin erabat tematuta dagoen polizia baten gora-behera bitxiak kontatzen ditu lehiara aurkeztuko duen lanean. Bere lehen lan luzearekin —My Sweet Home (2001)— Berlinalen lehiatu zen Tsitos, eta bigarrenarekin —Akadimia Platonos (2009)— aktore onenaren saria eman zioten filmeko protagonista Antonis Kafetzopoulosi Locarnoko zinema jaialdian.

'HAPPY END'

Emakumeek jasaten dituzten tratu txar fisiko eta psikologikoak dira Björn Runge zuzendari suediarraren filmaren ardatza. Telebistan eta dokumentalen arloan lan egin ondoren, bi film luze zuzendu zituen, eta Berlinaleko Aingeru Urdina saria eskuratu zuen hirugarrenarekin, Om jag vänder mig om (Daybreak, 2003) pelikularekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.