Sail Ofizialean lehiatuko diren beste sei filmen berri eman dute Donostiako Zinemaldiaren antolatzaileek: Anahi Berneriren Aire libre (Argentina), Susanne Bierren En Chance Til / A Second Chance (Danimarka-Suedia), Maxime Girouxren Félix et Meira (Kanada), Cristian Jimenezen La voz en off (Txile-Frantzia-Kanada), Cedric Kahnen Vie Sauvage (Frantzia) eta Gabe Ibañezen Autómata (Bulgaria-Espainia).
Laster Sail Ofiziala osatuko duten film gehiagoren berri emango dutela adierazi dute antolatzaileek.
Orain arte, guztira, Sail Ofizialean emango diren 18 filmen berri eman dute; horietako 16 Urrezko Maskorraren lehian emango dituzte, eta bi lehiaketatik kanpo.
Lehiaketakoak, gaur ezagutarazitako seiez gain, hauek dira: Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak (Euskal Herria), François Ozonen Une nouvelle amie (Frantzia), Mia Hansen-Loveren Eden (Frantzia), Bille Augusten Stille Hjerte (Danimarka), Michael Sturmingerren Casanova Variations (Frantzia-Austria-Alemania), Michael R. Roskamen The Drop (AEB), Shim Sung-boren Haemu (Hego Korea), Christian Petzolden Phoenix (Alemania), Alberto Rodriguezen La isla mínima (Espainia) eta Carlos Vermuten Magical Girl (Espainia).
Lehiaketatik kanpokoak, berriz, honako hauek: Pablo Maloren Lasa eta Zabala (Euskal Herria) eta Isaki Lacuestaren Murieron por encima de sus posibilidades (Espainia).