Sebastiao Salgadoren argazkiek bihotzak mintzen dituzte, onerako zein txarrerako; izan ere, askok kritikatu dute haren begi zorrotzak darabilen ironiagatik; horien artean, Susan Sontag idazlea. Argazkilariak berakbehin baino gehiagotan adierazi du nolabaiteko erreakzioa lortu nahi duela bere lanak ikusten dutenen artean: «Nire erakusketetan sartzen den oro irteterakoan beste pertsona bat izatea nahi dut». Egun hauetan Terra erakusketa ikustera gerturatzen direnak ere ez dira Gasteizko El Pilar gizarte etxetik hotzepel irtengo seguruenik.
Atzo zabaldu zuten erakusketa, eta hil amaiera arte egongo da zabalik, nahi duen orok bisita dezan. Salgadoren Terra lanaren berrogei argazki inguru hautatu dituzte. Brasildarrak urteak eman zituen bere herrialdean pobrezia irudikatzen, eta horren emaitza dira Terra erakusketa eta izen bereko liburua. Concha Garrido erakusketaren arduradunak azaldu duenez, «Salgadok pobrezia duintzen du bere irudietan». Saramagoren testu batek eta Chico Buarqueren poema batek osotzen dute erakusketa. Abuztuaren 22tik 27ra bitartean egingo den Beste Herrialdeetara Gerturatzeko X. Jardunaldien parte da Salgadoren erakusketa; izan ere, aurten Brasilgo kultura, historia eta gizarte egoera gerturatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte, erakusketa barne.
Pobreziaren duintasuna
Migrations eta The Children lanekin batera, Terra da argazkilari brasildarraren lanen artean ezagunenetarikoa. Erakusketak Brasilgo txiroei begiratu egiten die, Salgadok dioen bezala, «ezer ez duten horiei»; bai nekazari eremuan, bai faveletan; Brasilen lurrak eskatzen ari direnen eta nekazaritzan erreforma nahi dutenen erretratua egiten du, baita lurrak utzi eta hirietarako exodoa hasi zutenena ere, hara heldu eta hobekuntzarik lortu ezin izan zutenena, alegia. Baina ez pentsa Salgadok zorigaiztozkorik irudikatzen duenik: «Ez ditut miserableak hartzen nire argazkietan, duintasun handia duten eta beren bizitza hobetzearren borrokatzen diren pobreak baizik».
Argazkilari brasildarraren aburuz, «aurpegi batek herri baten historia eta sufrimendua agertzen ditu», eta hainbat urte darama horretan, herrialdeetako txiroen historia eta sufrimenduari aurpegi jartzen, betiere, zuri-beltzean, sufrimenduaren koloreetan. Salgadok argakilaritza konprometitua delakoa egiten du, eta bidean ehun herrialdetik gora irudikatu ditu. Horretan dihardu oraindik ere: 2004an proiektu berri bati ekin zion, Lelia Wanick emaztearekin batera —argazkilaria hura ere—, Génesis izenekoa. Paisaiak, animaliak, landareak eta aspaldiko tradizio eta kulturekin bat bizi diren giza komunitateak irudikatzen ari dira.
Salgadoren argazkiek Brasilgo txiroen historia ekarriko dute Gasteizera
Sebastiao Salgado argazkilariaren 'Terra' erakusketa abuztuaren amaiera arte egongo da El Pilar aretoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu