Jerome David Salinger 2010eko urtarrilaren 27an hil zen. Bizi zela apenas zekien jendeak ezer The Catcher in the Rye(Zekale artean harrapaka) idatzi zuen idazleaz. Beren-beregi debekatu zuen egileak liburuen edizio berrietan azal diseinuzkorik egitea eta bere argazkirik paratzea azaleko hegalean.Kenneth Slawenskik, baina, idazlearen ezkutukoena bistaratzeko asmoz, iaz JD Salinger, A Life Raised High liburua argitaratu zuen, bizian haren pribatutasuna gorde apenas beste helbururik izan ez zuen idazlea hezur-haragiztatzeko saio gisara. Egun, liburuaren gaztelaniazko itzulpenak, mugaz Espainia alderako liburu dendak hartu ditu.
1Salingerren berri izan nahi duenak, bere lanak irakurri edo www.deadcaulfields.com helbidera sartu besterik ez du, azken hori baita, idazlearen inguruko informazio osoena jasotzen duen helbidea. Slawenskik, orain, baina, JD Salinger, A Life Raised High liburuarekin, ezezagun eta ia mamu zen egile baten ertz guztiak argitu ditu. Ez da lehena izan, ordea: Ian Hamiltonek ere JD Salinger: A Writing Life (1935-1965) liburuan egile ezkutatuaren biografia idatzi zuen. Salinger eta haren abokatuak urte askoan katramilatu ziren Hamiltonekin epaitegietan, hark bere gutun truke pertsonal bat baliatu zuelako liburuan, idazlearen baimenik gabe. Alde horretatik, Slawenskiren liburua, gozoagoa, zainduagoa, egile handi batenganako debozioak gidatutakoa da.
2Bere ezaugarri pertsonalen ezezagutzak mito egin zuen Salinger.
Mundutik aldenduta, AEBetako Cornish herritxoan bizi zen. Uzkur eta zikoitz ezaugarriak ezarri zizkioten hari buruz beste erreferentziarik inork ia ez zuenez. Baina ezezagutza horreketa haren liburuak, gazte belaunaldi askorentzat erreferentzia izanak eta inprimatzeko eta berrinprimitzeko jarri zituen baldintzek, idazlea mito bilakatzen lagundu zuten. Idazle ona ez ezik, ez zen besteak bezalakoa: gorroto zuen publizitate modu oro. Baina, aipatu bezala, eta kontrakoa lortuz, ezkutatuz agerikoagoa egin zen Salingerrez ezagutzen zen gauza bakarra: haren obra .
3Hain ezberdina ote zen? Bakarra dela esaten dute, baina, hainbat artikulutan aipatu den bezala, eskolatik kanporatu egin zuten, beste hainbat lehenago bezala; gerrak bere hertsitasun eta erabakietan sakondu zuen, Pound bezala. Herri txiki batean bakartu zen, emaztearekin; lehenago Arno Schmidt bezala. Gerora Thomas Pynchonek egingo zuen bezala, bere argazkirik zabaltzea oztopatu zuen. Bartlebyren manatuari jarraiki, nobela bat argitaratu ostean gehiago ez idazteko deliberoa ere hartu zuen. Beste egile askoren ezaugarriak zituen berekin, baina berak guztiak zituen beretzat.
4Salinger bizirik zela baina, Fredrick Coltingek 60 urte geroago, Zekale artean harrapakaren jarraipena idatzi zuen. Salingerrek auzitara eraman zuen, beste baten lanaren jarraipena egiteak egile eskubideak urratzen zituela iritzita. Apropiazio ariketa Duchampdar hori baina, zuzena zen ala ez jakin gabe, ez ote da irakurle batek maite-maitea duen lan bati egin diezaiokeen omenaldirik onena?
Salingerrek irabazi zuen auziaren lehen enbitea, baina Erresuma Batuan liburua argitaratu zen.
5Aurreko puntuari loturik, bere burua ez ezik, Holden Caulfield Zekale artean harrapa-ka liburuko pertsonaia ere babestu eta gorde nahi zuen egileak. Elia Kazanek dozenaka urtean Salingerren lanik ezagunena zinemaratzeko bitartekoak bilatu zituen, baina egilearen ezetza zuen behin eta berriz. Pertsonaia trapuzko panpina gisa ez eta belaunaldiek eta belaunaldiek nerabezaroko nora eza islatzeko ikur eta mito izaten jarraitzea nahi zuen Salingerrek: «Ezin dizuet zinemaratzeko baimenik eman, Holdeni ez litzaiokeela gustatuko uste baitut».
6Slawenskik 1965era arteko epea hartu du Salingerren azpietan arakatzeko. Urte horretan bertan eman zen argitara Zekale artean harrapaka. Nola ulertzen zuen sorkuntza lana eta bizitza idazle amerikarrak? Nola uztartzen zituen biak? Lan berri honen 550 orrietan uztarketa horretan sakontzen du egileak, (ia) idazteari soilik emandako Salinger bat irudikatuz. Literaturak egile amerikarrarentzat zuen garrantzia ikusirik, ordea, zail da ulertzen zergatik utzi zion argitaratzeari betiko.
7Zer gertatu zen, zer pentsatu zuen, zer egin zuen, baina, Salingerrek 1965etik hil arte? Slawenskik ez du horren erantzunik ematen liburuan. Salingerrek ez zuen liburu gehiago argitaratu, baina horregatik ezin da pentsatu ez zuenik gehiago idatzi. 1992an, bere etxeak su hartu zuenean, azken 40 urtetan idatzitako ipuin eta nobelak handik salbatzea lortu zuela esaten da liburuan.Ez zuen argitara eman eta horrek Bartlebyren taldera murriztu zuen, eta bere mitoa elikatu.
8Ez zen dena loria izan Salingerren idazletzan, baina. Antzerkirako lanak idatzi nahi zituen gaztetan. Gero II. Mundu Gerrara joan beharra suertatu zitzaion, Normandiako lehorreratzean egon zen, Dachauko kontzentrazio esparruaren liberazioan ere bai. Handik, belarri bateko gorreria eta bere baitan inoiz osatuko ez zen zauriaz batera, idazteari emanda bizitzeko erabakimena ekarri zuen. Ordura arte, bere idazle ofizioan negarra besterik ez zuen jaso, New Yorker-ek ez baitzion, berak nahi bezala, ipuinik argitaratzen. Bere baitarako, baina, promesa bat egina zuen: Nobela Amerikar handiena idatziko zuen.
9Liburuan zehar, harrigarriena, Nobela Amerikar handiena idatzi behar zuenarentzat Ernest Hemingway eta John Steinbeck ez zirela inondik inora erreferentzia, are gehiago, bigarren mailako idazleak zirela irakurtzea izan da. Erreferentzia bakar eta eredugarria, Salingerrentzat, antza denez, Herman Melville zen.
10Zekale artean harrapaka eta haren beste ipuinak ulertzeko gakoak ematen dituen neurrian, interesgarria da Slawenskiren JD Salinger, A Raised Life High liburua. Haren gaztaroa ikusten da, Caulfielden geroko sorkuntzarako gakoa dena; jatorri juduko familia, literaturaren gazi-gozoa eta haren emazte-maitaleen gorabeherak, liburuetako pertsonaia femeninoetan isla izango dutenak.
Baina zail da ulertzen, idazle baten bigarren ondasun preziatuena anonimotasuna eta iluntasuna zirela zioen idazlearen ilunenean arakatzeko grina hau.
Literatura
Salingerren hamar ohar, argitara
Non du jatorria norberak beretzat gorde nahi duena bestek azalarazteko duten grina gero eta zabalduagoak? XXI. mendean ugaritu egin dira adibideak. Kenneth Slawenskik Salinger desmitifikatzeko egindako saioa da azkena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu