Grammy sarien 57. edizioa egin dute bart gauean Los Angelesen (AEB), eta Sam Smith izan da protagonista, lau sari eskuratuta. Abesti (Stay with me), grabazio, artista berri eta pop disko onenaren sariak eskuratu ditu. 22 urte ditu Smithek, eta hunkituta mintzatu da: "Nire bizitzako gau onena izan da".
Beck izan da, ordea, urteko disko onenaren saria jaso duena (Morning Phase). Lan horri esker rock disko onenaren saria ere lortu du. Beyoncek eta Pharrell Williamsek ere protagonismo handia izan dute, bakoitza hiru aldiz saritu baitute.