Gipuzkoako aztarnategi garaiena da San Adrian-Lizarrateko tunelekoa; 1.000 metro inguruan dago. 2008tik, Aranzadi zientzia elkartea utero aritzen da bertan indusketak egiten, uztailean, bi astez. Hamar bat laguneko taldea osatzen dute, arkeologoz eta boluntarioz osatuta. Eta aurtengo aldiak ere izan du albiste onik. Izan ere, tunelean neandertalak bizi izan zirela baieztatu ahal izan dute. Zundaketa eremuetako batean topatutako materialei esker ondorioztatu dute hori.
Pasabideko hainbat gunetan egin dituzte indusketak azken urteetan, eta Goi Paleolitotik XX. mendera arteko aztarnak topatu dituzte. Bertan aurkitutako informaziorik zaharrena da oraingoa —duela 40.000 urtekoa da—. Bi zundaketa zona arakatu dituzte aurten: lehenengoan Madeleine aldiko piezak topatu dituzte, duela 14.000 urtekoak, eta, Aranzadiren esanetan, horrek esan nahi du Homo sapiens-a San Adrianen bizi izan zela.
Edonola ere, bigarren gunean egin dute aurkikuntza nagusia. Ebakitzeko tresnak eta zizelkatzeko erabiltzen ziren hainbat arroka topatu dituzte. Horrez gain, animalia hezurren zatiak ere azaleratu dituzte; neandertalek kontsumitutako piezenak, edo bestelako haragijaleenak. Horiei dagokienez, harrapakinei dagozkienak eta haragijaleek eraman zituztenak bereizi behar dituzte orain. Hezur bakoitzean ikusitako hausturak eta markak izango dituzte kontuan horretarako.
«Aurkitutako materialek erakusten dute neandertalek maiz erabiltzen zutela koba hau»
JESUS TAPIAIndusketako zuzendarietako bat
Jesus Tapia indusketako zuzendarietako batek azaldu du lortutako emaitzak «oso positiboak» direla. «Aurkitutako materialek erakusten dute neandertalek koba hau maiz erabiltzen zutela». Hasieran, pasabidea aldi baterakoa zela uste izan zuten. Neandertalen okupazioaren lur geruzetan geroz eta hondakin gehiago azaltzen ari direla esan du, eta datozen kanpainetarako informazio gehiago lortzea espero dutela, «San Adrianen neandertalek egin zituzten jarduerak interpretatzeko». Pasabideak koba baten ezaugarri antzekoak dituenez, aztarnak hobeto mantentzen dira.
Zerbaiten bila
Iazko uztaileko kanpainan izan zen BERRIA. Aldi hartan, indusketako zuzendariek San Adrianen balio estrategikoaz hitz egin zuten. Ordura arte jasotako informazioaren arabera, gizakiak ez zituen epe luzeak pasatzen bertan, eta Erdi Arotik aurrera hasi zen okupazioa iraunkorragoa izaten. Tapiak nabarmendu zuen tunelean bizitzea ez zela batere erraza —batez ere glaziazio garaian, hotzarengatik—. Hori dela eta, gizakia helburu jakin batekin igotzen zela azaldu zuen; janaria lortzeko, esaterako.