heriotza

San Martini hileta jendetsua egin diote, Hondarribian

Gaitz luze baten ondorioz, atzo hil zen Juan San Martin (Eibar, 1922- Hondarribia, 2005) idazle eta euskaltzaina. Haren hileta gaur egin dute, Hondarribiako Andra Mari parrokian. Kultura eta politika arloko hainbat lagun bildu da bertan. Euskaltzaindia, Aranzadi eta Kontseiluako ordezkari ugari joan da bertara, eta politika munduari erreparatuz, han ziren, besteak beste, Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Miren Azkarate Jarduneko Jaurlaritzaren bozeramailea, Juan Maria Atutxa legebiltzarkidea, Jose Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako Ahaldun nagusia eta Paulino Luesma espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria.

2005eko maiatzaren 31
20:25
Entzun
1992ko ekainaren 23an Eibarren jaioa, Espainiako Gerrak 14 urteko mutiko harrapatu zuen, eta ihesean ibili ostean, jaioterrira itzultzeko aukera izan zutenean, etxea suntsituta aurkitu zuten. Esku hutsik bizimodu berri bat abiatu behar izan zuten, eta tornero lanean hasi behar izan zuen. Egunez, beharrean, eta gauez eskolara joaten zen.

Soldadutza garaian piztu zitzaion euskaltzaletasuna, eta bere kasara euskaraz alfabetatzen hasi zen. Irakurtzea eta mendia zituen zaletasun, eta biak uztartu zituen: Eibarko Kirol Elkartearen buletinean eta Pyrenaica aldizkarian argitaratu zituen bere lehen lanak; aurrena gazteleraz, gerora euskaraz.

Poesia idazten ere hasi zen: Euzko Gogoan eta Olerti -n plazaratu zituen hainbat lan Otsalar goitizenarekin, eta erreferentzia handia izan zen 60ko hamarkadan euskal poesiagintzan.

Aurreneko liburua 1959an argitaratu zuen, Juan Antonio Mogelen bizitza eta obrari buruz. Hainbat arlo jorratzen dituzten liburuak argitaratu zituen harrezkero: morea, literatura, artea, etnologia, hizkuntza...

1957an euskaltzain urgazle izendatu zuten; 1964an euskaltzain oso, eta 1967tik 1978ra akademiako idazkari izan zen. Euskara batuaren bultzatzaile sutsua izan zen, eta 'h'-aren inguruan izan ziren eztabaidetan buru-belarri sartu zen Koldo Mitxelenak proposatzen zuen batasuna defendatzen.

1988an euskaltzainburuorde izendatu zuten, baina hurrengo urtean kargua utzi zuen EAEko Ararteko izendatu zutelako.

Euzko Gogoan eta Olerti -n ez ezik, Egan -en eta Jakin -en ere kolaboratu zuen. Liburu andana luzea utzi du.

Azken urteetan Hondarribian bizi izan da, eta gaixotasun luzearen ondoren, atzo goizaldean hil zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.