Apirilean zabalduko dute Donostiako San Telmo museo berritua. «Jauzi garrantzitsua» emango du zentroak, eta mailaz igoko da, Denis Itxaso Kultura zinegotziaren arabera. Proiektu berriak bestelako behar batzuk eragingo ditu, eta, horregatik, diru iturri berriak bilatu dituzte arduradunek. Urtean 4,7 milioi euroko aurrekontuari aurre egiteko, bisitariei sarrera kobratzea eta museoaren hainbat gune alokairurako eskaintzea erabaki dute, besteak beste. Lehenengo urtean 140.000 bisitari jasotzea espero dute, halaber. «Ekonomikoki iraunkorra izango den museo bat nahi dugu etorkizunari begira», adierazi du Itxasok, Susana Soto museoko zuzendariarekin eta Antton Azpitarte kudeatzailearekin egindako agerraldian.
Datozen bost urteetako aurreikuspen ekonomikoak jasotzen dituen azterlana egin zuten iaz, beste museo batzuen datuak—Gasteizko Artium edo Bilboko Arte Eder eta Guggenheim, tartean—, diru iturriak eta egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta. 2007an, itxi arte, 2,3 milioi euroko kostua zuen San Telmok, urtero, udalarentzat. Bikoitza izango da aurrerantzean. Gastuaren heren bat —1,5 milioi euro inguru— diru sarreren bidez ordainduko dute. Gainerakoa, Donostiako Udalak hartuko du bere gain.
Museoko bazkide txartela
Txarteldegia izango da diru sarrera berrietako bat. Orain arte doakoa zen sarrera, baina apiriletik aurrera bost euroko prezioa izango du txartel arruntak. Hainbat kolektibok —ikasleek, 65 urtetik gorakoek...— hiru euro ordaindu beharko dituzte, eta doan bisitatu ahalko dute beste hainbatek, tartean, 18 urtetik azpikoek edo langabeek. Astean egun batez doakoa izango da denentzat.
Berezitasun bat gehitu diote diru iturri horri: bazkide programa bat jarriko dute martxan, eta urtean 15 euro ordainduta, nahi adina bisita egin ahalko dira urte osoan, doan. Lehen urtean mila bazkide inguru lortzea espero dute arduradunek. Neurri horrekin, gainera, bertako herritarrek baino gehiago, hiria bisitatzen duten turistek ekarpena egitea bilatzen dute. «Gizarte ikuspuntua kontuan hartu dugu gure zerbitzuak eskaintzerakoan. Ez dugu museo zail bat izan nahi hurbileko publikoarentzat, eta are gutxiago zailtasun hori ekonomikoa izatea», adierazi du Sotok. Txarteldegitik, 210.000 euro lortzea espero dute lehen urtean, eta 180.000 euro ondorengo lau urteetan, 20.000 bisitari gutxiago jasoko dituztela aurreikusten baitute.
Bestetik, museoa ordu gehiago egongo da zabalik aurrerantzean. Egunero, 10:00etatik 20:00etara ateak irekita izango ditu, baita jai egunetan ere. Erakusketa bakoitzaren arabera ordutegiak zabaltzeko aukera aipatu du Sotok.
Alokairuak, ildo bati jarraituz
Museoaren espazioen alokairua izango da beste berritasunetako bat. «Espazio zahar zein berri guztien helburua da topagune bihurtzea, etengabe gauzak gertatuko diren eta jendeari hurbiltzea erakargarri egingo zaion topagune bat», Sotoren esanetan. Ekitaldiak eta bestelako jarduerak egiteko hainbat gune eskainiko ditu: museoaren sarrera, ekitaldi aretoa, lehen eta beheko solairuetako patioak, terraza, eliza, klaustroa eta kaperak.
Horiek enpresa eta erakundeei alokatzeko hainbat baldintza jasotzen dituen araudia zehaztu du museoak. Besteak beste, museoaren oniritzia jaso beharko du eskaera bakoitzak, eta museoaren jarduerekin eta ekitaldiekin bideragarria izan beharko du. Alokairu programa, beste edozein museorena bezala, «zabala» izango dela adierazi du Sotok.
Dena dela, ez dituztela edozein eratako eskaerak onartuko aurreratu du Itxasok. «Guretzat oso garrantzitsua da ildo bati jarraitzea, irudi publiko bat mantentzea, eta horregatik, diruagatik ez dugu edozer gauza egingo». Adibideak jarrita, «bereziki pribatuak» izan daitezkeela irizten dieten jardueretara —ezkontzak, esaterako— ez daudela irekita azaldu du zinegotziak, eta bai, ordea, enpresa batek antola dezakeen marketin topaketa batzuk egiteko guneak eskaintzera.
Azpitartek gehitu duenez, edozein kasutan museoaren jarduerek lehentasuna izango dutela jasotzen du araudiak. «Guneak beste erabilera batzuetarako alokatu ahalko dira, beti ere museoak intereseko irizten badie, eta espazioaren segurtasuna eta funtzionamendua bermatzen badute. Eta, batez ere, kontuan hartuta San Telmo guztion ondarea dela eta zaindu beharra dagoela, bere irudia barne».
Museoaren patrono diren erakunde publikoek 700.000 euro jarriko dituzte urtero: 350.000 euro Eusko Jaurlaritzak eta beste horrenbeste Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aurten, dena den, bakoitzak 300.000 euro jarriko ditu, museoa apirilean zabalduko dela eta. Patrono pribatuen ekarpena, berriz, 450.000 euro ingurukoa izango da. Dagoeneko hainbat hitzarmen sinatu dituzte, eta beste batzuk aurreikusita dauzkate. Edonola ere, datu zehatzagoak laster jakinaraziko dituztela aurreratu dute.
Museoan egongo den kafetegiarekin eta bestelako ekitaldi batzuekin, berriz, 50.000 euroko diru sarrerak lortzea aurreikusi dute lehen urterako, eta apurka gehitzen joango direla urtez urte.
Udalaren ekarpena
Donostiako Udalak egingo du urtero diru ekarpenik handiena. Diru iturri horietatik jasoko den kopurua izan ezik, bere gain hartuko du gainerako gastua: 3,2 milioi euro ingurukoa. Hortaz, ia milioi euro gehiago jarri beharko du urtero. Itxasoren hitzetan, egitasmo «anbiziotsuagoa» izateak eta eraikin berriaren mantenuak eta jarduerek arrazoitzen dute inbertsioa.
Gastu iraunkorra —langileei, mantenuari edo segurtasunari dagokiona, besteak beste— 2,4 milioi eurokoa izatea aurreikusten dute, eta gastu aldakorra—erakusketei eta jarduerei lotutakoa—, berriz, 1,8 milioi eurokoa. Urteroko gastu iraunkorra bermatuko du udalak, eta ekitaldi bakoitzeko diru sarreren arabera, jarduera batzuk edo beste batzuk antolatu ahalko dituztela azaldu dute.
Lanak zehaztutako epeetan bukatuko dituztela eta museoa apirilean zabaltzeko asmoari eusten diotela adierazi dute. Dena dela, datorren astelehenean jakinaraziko dute irekieraren egun zehatza, baita aurten egingo diren aldi baterako erakusketak ere.
San Telmo museoak lehen urtean 140.000 bisita jasotzea espero du
Urtero 4,7 milioi euroko gastua izango du, eta, diru sarrerak handitzeko, bost euroko sarrera ezarri eta guneak alokatuko dituzteDonostiako Udalak bere gain hartuko ditu urteroko kostuaren bi herenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu