Irekiera mailakatua izan du San Telmo museo eraberrituak. Inaugurazioa iritsi zen lehenik, eta arkitektura berria eta 6 mila milioi beste aldi baterako erakusketa ezagutzeko aukera ondoren. Gaurtik, berriz, museoko areto guztiak zabalik egongo dira bisitarientzat. Zentroaren bilduma iraunkorra ikusi ahal da, beraz, gaurtik. Ondare arkeologikoa, etnografikoa eta historikoa biltzen duten aretoekin batera, arte ederren bilduma egongo da ikusgai, azken urteotan museoak bereganatu dituen beste 50 obra tartean.
Guztira, arte ederretako 1.400 lan inguru ditu museoak bere bilduman. Horietatik 200 bat jarriko dituzte ikusgai, museoa itxita egon den urteetan eskuratu dituenak tartean. Azken bi urteotan 400.000 euroko inbertsioa egin du San Telmok, bere bilduma lan gehiagorekin aberasteko. Eduardo Zamacois margolariaren Pobrearen bataioa (1868) eta Jose Etxenagusiaren Lore saltzailea (1870) lanak daude eskuratuen artean. Horiei bildumagile pribatuen, arte galerien eta hainbat museoren eskutik gordailuan jasotako hainbat obra gehitu behar zaizkie. Madrilgo Reina Sofia museoaren eskutik, Julian Tellaetxeren Euskal kostaldeko emakumeak (1922-23) gordailua jaso du, eta Bilboko Arte Eder museotik, berriz, Francisco Iturrinoren Xalak. Gasteizko Artium eta Madrilgo Prado museoetako biltegietako lanak ere badira, baita Oteiza museoko beste bost lan ere.
Gizarte museoaren definizioa hartu du ardatz San Telmok ibilbide berriari ekiteko, eta euskal gizartea hobeto ezagutaraztea jarri du helburu nagusitzat. Xede horren mesedetan jarriko du bere bilduma osoa, eta, horregatik, antolaketan ere aldaketak egin dituzte.
Euskal artearen mende bat
Bi espaziotan banatu dituzte arte ederretako lanak, diskurtso kronologiko bati jarraituz. Batetik, Euskal artearen 100 urte atalak euskal arteak XIX. mende bukaeratik XX. mendeko 80ko hamarkadara izandako bilakaera aztertzen du. Horretarako, bildumako ehun lan aukeratu dituzte. Garai berean euskal gizarteak arlo guztietan izan zuen garapena aztertzen duen gunearekin lotu dute atal hori, Modernitatearen hasiera gunearekin. Izan ere, estilo eta mugimendu artistikoak ezagutarazteaz gain, horiei eragin zieten testuinguru sozial, politiko eta kulturala azter daiteke modu horretan.
Lehendik ere museoaren bildumaren parte ziren Irureta, Amarika, Arteta edo Ameztoiren lanei beste hainbat gehitu dizkiete, saila osatzeko museoak eskuratutakoak. Horien artean daude, besteak beste, Zamacoisenak eta Etxenagusiarenak. XX. mende hasierako ildo artistikoak hobeto azaltzeko, Anselmo Ginearen lanak eskuratu ditu museoak, baita Iturrino eta Dario de Regoyosen gordailuak jaso ere. Urte batzuk geroagokoak dira Quintin de Torre eta Julian Tellaetxerenak. Gerra aurreko urteen ordezkaritza indartzeko, berriz, Jenaro Urrutia, Joaquin Lucarini, Carlos Ribera eta Nikolas Lekuonaren hainbat lan eskuratu ditu.
1960ko hamarkadako berpizte plastikoa azaltzerakoan, zer esan handia dute Gaur taldearen lanek; Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Remigio Mendiburu, Jose Antonio Sistiaga eta Rafael Ruiz Balerdiren hainbat eskultura eta margolanen gordailuak jaso ditu museoak, baita Jose Luis Zumetaren olio bat eskuratu ere. Esther Ferrerrek egurrez eta sokaz egindako lan bat ere bildu du museoak: Denboraren haria. Ibilbidearen bukaeran, 80ko hamarkadako euskal eskultura berriaren inguruko sortzaileak dira nagusi; Txomin Badiolaren, CVA taldearen eta Angel Badosen hainbat lanekin indartu dute tarte hori.
Ehun lan bilduma historikoan
Euskal artera mugatu gabe bost mendetan zehar artearen historiaren inguruko ibilbidea proposatzen du beste atal nagusiak. Bilduma historikoan kokatu dituzte arte ederretako beste ehun lan, museoko beste sailetatik bereizita antolatu duten gunean. Historia du ardatz atal horrek, eta izaera pedagogikoa eta dibulgatiboa lehenetsi dute. XV. mendean hasi eta XIX. mendera arteko arte unibertsala aztertzen da bertan.
Atal horretan aurkeztutako lan gehienak San Telmoko bilduman daude hastapenetik; tartean, Madrilgo Prado museko gordailu asko. Museo horrek beste hamar lan eman dizkio orain San Telmori gordailuan, ibilbide berriari ekiteko. Horietatik lau, Andres Gines de Aguirre eta Charles Joseph Flipartenak, XVIII. mendeari dagokion atalean daude; beste seiak, berriz, Carlos de Haesenak dira, XIX. mendekoak.
Tintoretto, Navarrete el Mudo, Bassano, Pantoja de la Cruzen eta Grecoren lanek azaltzen dute XV. mendeko margolaritza gotikoa eta XVI.eko berpizkundea. XVII. mendeko barrokoaren estiloak ordezkatzen dituzte Guido Reni, Luca Giordano, David Teniers, Jose Ribera eta Valdes Lealen lanek, besteren artean. XVIII. mendeko lanen artean, Gines de Aguirre eta Flipartekin batera, Hubert Robert eta Nicolas Largilliererenak ikus daitezke, neoklasizismoaren erakusgarri. XIX. mendekoak dira bildumako lanik ugari eta adierazgarrienak. Erromantizismo, errealismo eta inpresionismoaren erakusgarri, Haes, Martin Rico, Mariano Fortuny eta Joaquin Sorollaren lanak jarri dituzte ikusgai, besteak beste.
Bildumako lanak txandakatuz joango dira apurka, eta aurrerago —ez behintzat aurten—gehiago ere eskuratuko ditu San Telmok.
San Telmo museoko areto guztiak bisitatu ahal dira gaurtik aurrera
Arte ederren bildumako 200 obra inguru jarri dituzte ikusgai, baita ondare historiko eta etnografikoa ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu