Zuzendaria: Alister Grierson. Aktoreak: Rhys Wakefield, Allison Cratchley, Christopher Baker, Ioan Gruffudd. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 108 minutu.
James Cameron ahalguztidunak babestuta dator itsaso hondoan gertatzen den istorio itogarri hau. Cameronek berak egina du antzeko girotzea duen film bat, Abyss (1989); horregatik, ez da batere arraroa bien artean lotura bilatu nahi izatea. Orain, proiektu handietan dago murgilduta Cameron, besteak beste, Avatar-en jarraipenean; horregatik, haren izena ez da agertzen ez zuzendari lanetan, ezta gidoilari lanetan ere. Alister Grierson ezezagunari utzi dio zuzendaritzaren ardura; australiarrak orain arte bere sorterrian egindako film txiki bat besterik ez da ezaguna. Aita-seme bikote batek gidatzen duen urpekari talde batek espedizio bat prestatuko du munduko kobazulorik handienera. Behin uretan murgildu direla ekaitz tropikal batek harrapatuko ditu, eta hortik aurrera zaila eginen zaie lur azalera itzultzea.
Zuzendaria: Casey Affleck. Aktoreak: Joaquin Phoenix. Herrialdea: AEB. Urtea: 2010. Iraupena: 108 minutu.
Estreinatu aurretik zeresan handia eman du dokumental honek. Orain dela hilabete batzuk Joaquin Phoenix aktoreak zinemagintza utzi behar zuela zabaldu zen, eta hip-hop kantari hasi. Handik gutxira, AEBetako telebista saio ezagun batean agertu zen, itxuraz guztiz mozkorturik. Hortik aurrera, kontaezinak izan dira Phoenixen buruko osasunaren inguruko zurrumurruak. Duela gutxi jakin genuen dena esperimentu zinematografiko interesgarri baten parte zela, dokumental hau alegia. Urtebetez, Casey Affleck aktoreak Phoenixen gorabeherak segitu ditu, eta material horrekin osatu du lan sailkaezin hau. Veneziako jaialdian estreinatu zuten, eta harrera ona izan zuen; hala ere, Affleckek ez zuen argitu dena benetakoa ote zen ala muntatze hutsa. Azken garaiotan zuzendariak egindako adierazpenak, ordea, dokumental faltsuaren teoriaren aldekoak dira.
Zuzendaria: George Tilman Jr. Aktoreak: Dwayne Johnson, Maggie Grace, Billy Bob Thornton. Herrialdea: AEB. Urtea: 2008. Iraupena: 98 minutu.
Eskola zaharreko akzio film bat da honako hau, eta ez du bere izaera ezkutatu nahi: giharrak, tiroak eta mendeku baten gainean eraikitako istorioa. Tilmanen laugarren film luzea da, hainbat generotan saiatu ondoren azkenean Hollywoodek horrenbeste maite duten honetara ailegatu da. Dwayne Johnson iaioa da gisako filmetan; hortaz, ez da batere arrarora protagonistaren rola izatea. Harekin batera, pozgarria da berriro ere Billy Bob Thornton gorabeheratsua ikustea, aspaldi honetan pantaila handitik nahiko desagertuta baitago. Filmak kontatzen duenak ez du sekretu handirik; preso ohi batek kartzelatik atera eta anaiaren heriotzagatik mendeku hartu nahi izanen du. Aldi berean, polizia bat haren atzetik hasiko da, hura ere anaia hil zutenen bila ari baita.
Beste film batzuk
'Sanctum'. 'I'm Still Here'. 'Faster'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu