Sanferminak iragartzeko zortzi kartelak aurkeztu ditu Iruñeko Udalak sortutako epaimahaiak. Guztira 546 lan aurkeztu dira, gehienak Nafarroan eginak. Orain, herritarren txanda da, eta Iruñean erroldatutakoek aukera izanen dute gehien maite duten afixa aukeratzeko. Apirilaren 28ra bitarte eman dezakete botoa, Internet bidez zein 010 telefono zenbakira deituta. Irabazleari 3.600 euro emanen dizkio udalak.
Ohiko kartelak aurkeztu dituzte. Zuri, gorri eta beltzez osatuak gehienak, eta zezenaren edo San Ferminen irudiaren gainean sortutakoak. Zortzi hautagaiak Rodeznoko Kondea erakusketa aretoan paratuko dituzte ikusgai, baztertutako beste 106 afixekin batera. Lehiaketaren arauak errespetatuz, garailea jakin artean ez dute esango zeintzuk diren kartel finalisten egileak.