Alabaina, aditua zertan izan ez dagoen arren, leba handiko hizlariak izango dira, hilero-hilero, Literatura Eskolan. Euskal Herriko punta batean eta bestean izango dira saioak, lekuan lekuko elkarteekin egindako auzolanaren ondorioz. Eta estilo askotariko gaiak jorratuko dituzte, Samuel Becketten obratik queer literaturaraino. Eta, noski, euskal letrek, esate baterako, Mikel Laboak musikaturiko poemek tartea izango dute. Baita kartzelakoek ere, Jose Luis Otamendi eta Mitxel Sarasketaren gogoeten bidez. Zilar Astea egingo dute aurten, bigarrenez, Durangon, 80kada gaiaren inguruan. Hortaz, Literatura Eskolako apirileko saioa Durangon bertan egingo dute, 80ko hamarkadako punka eta literaturari buruz.
Aurten, gainera, Interneten jarriko dituzte saio bakoitzaren inguruko edukiak eta landuko dituzten gaiei dagozkien materialak, inork eskolara aurrez oinarri bat edukita joan nahi badu. Halaber, saioetan landurikoaren laburpenak jasoko dituzte, www.literaturaeskola.org atarian.
Duela zazpi urte ekin zioten sarea josteari. Larrabetzun eman zituzten lehen puntadak, Bihotz Bakartien Klubaren ekimenez, eta Iñigo Aranbarriren laguntzaz. «Literatura Eskola antolatu gura genuen, irakurtzen ikasteko, euskarazko literatura partekatzeko, eztabaidatzeko eta zabaltzeko», azaldu du Barandiaranek.
Egunak joan egunak etorri jabetu ziren «Euskal Herrian bazela irakurleen artean biltzeko gogo bat». Orduan erabaki zuten sarea zabaltzea. Aurreneko bi urteetansoilik Larrabetzun egin ondoren, «poliki osaturiko sareari esker», Literatura Eskola Euskal Herriko beste txoko batzuetan antolatzeari ekin zioten 2006-2007 ikasturtean, alegia, hirugarren urtean.
Literatura Koadernoak
Auzolanean egindako behar eskerga horrek eman du bestelako emaitzarik, Barandiaranek gogorazi duenez. Literatura Eskolatik sortuak dira Eako Poesia Egunak, Ahotsenea eta Literaturia, gero bidea berez egin duten arren. Batzuk eta besteak ekimen «egonkorrak» direla adierazi du Barandiaranek. Durangoko Azokan egiten den Ahotseneak, esaterako, eremu handiagoa izango du aurten, eta hiru egunez beharrean, lau egunez izango dira liburu eta diskoen aurkezpen eta solasaldiak.
Orobat, euskarazko literaturari prestigioa eta zabalpena emateko irrika horri segituz beste bi ekimen abiaraziko dituzte aurten. 111 akademiarekin auzolanean, Saio osagarriak gisa izendatu dituztenak antolatuko dituzte. Eta Literatura Eskolako saioetan landuriko gaiekin, Literatura Koadernoak emango dituzte argitara.
Egitaraua
URRIAK 23Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua. Hizlariak: Ibai Atutxa, Maria Colera. Lekua: Bilbo (Nabarra aldizkariaren egoitza, Martzana kaia, 11).
AZAROAK 6
Mikel Laboaren hizkuntzak. Leire Lopez Ziluaga, Ibon Rodriguez. Tolosa (Bonberenea gaztetxea).
ABENDUAK 18
Samuel Beckett. Signifier? Nous, signifier!(Rire bref.).Beñat Sarasola.Errenteria (Mikelazulo elkartea).
URTARRILAK 15
Nobela grafikoaz. Harkaitz Cano. Gasteiz (Hikaateneoa, Pintoreria kalea, 13).
OTSAILAK 19
Kartzelako literatura. Jose Luis Otamendi, Mitxel Sarasketa. Ziburu (AEKren gaueskola).
MARTXOAK 19
Queer literaturaz. Iratxe Retolaza, Ibon Egaña. Donostia (Ernest Lluch kultur aretoa).
APIRILAK 16
Punka eta literatura 80ko hamarkadan. Juan Luis Zabala. Durango (Udal liburutegia).
MAIATZAK 21
Xabier Leteren poesigintza.Jose Angel Irigarai.Iruñea (Euskaldunon Biltokia, Txantrea).
EKAINAK 3-5
Literaturia.Larrabetzu.