Ekimen sortzaileak. Finantzaketa kolektiboa

Sarea, kulturari eusteko

Krisiak ekarritako murrizketek Internet bidezko finantzaketa kolektiboaren fenomenoa areagotu dute, 'crowdfunding'-a. Diru ekarpena egiteaz gain, komunitateak sortzea ere ekarri du.

Igor Susaeta.
2012ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Marillion Ingalaterrako rock taldeak kanpaina bat egin zuen Interneten1997an. Dirua behar zuten AEBetan barrena kontzertu bira bat egiteko. Hirurogei bat mila dolar. AEBetako haien zaleek beharrezko diru ekarpenak egin zituzten, kopuru horretara heldu ziren, eta, azkenean, Marillionek AEBetan jo ahal izan zuen. Huraxe izan zen ekinbide sortzaile bat Internet bidez sustatzeko egindako aurreneko finantzaketa kolektiboa edo crowdfunding-a. Orain dela 15 urte izan zen. Krisiak ekarritako murrizketek, baina, finantzaketa kolektiboaren fenomenoaren areagotzea eragin dute. Bai crowdfunding plataformak, eta bai eredu hori bera erabilita finantzatutako proiektuak loratu dira azken urteotan. Sortzaileak eta babesleak, edo diru-emaileak, harremanetan jartzea da gakoa. Horretarako bidea, berriz, sinplea. Ekinbidearen bultzatzaileak ideia aurkezten du, hurrena plazaratu, eta aurrekontu bat jartzen dio. Epe jakin batean, egitasmoa gogoko dutenek beren ekarpena egingo dute, eta proiektuaren parte sentituko dira. Komunitate bat sortuko da, hortaz. Gainera, ideia aurrera ateraz gero, ekinbidearen parte direnek horrekin zerikusia duen zerbait jasoko dute trukean.

Sarea zenbait kultur ekinbiderieusten ari zaiola dirudi. Baina kontzeptua ez da «gauza berria», Fermin Muguruzaren ustez. «Musikan askotan erabili den formula da. 1993an, Negu Gorriak taldearekin, antzeko formula bat erabili genuen. Orain, gertatzen da ingelesezko izena eman diotela [crowdfunding] eta mundu guztia horri bueltaka dabilela». Muguruzak, hain zuzen, finantzaketa kolektiboa erabili du Zuloak musika taldeari buruzko dokumentala egin ahal izateko. Kerobia taldeak ere finantzaketa kolektiboa baliatu du, eta 750 laguntzaileren 29 euroko ekarpena lortu duenez azkeneko hilabete eta erdian, Supernova egitasmo multimedia egin ahal izango du. «750 pertsona baino gutxiago izan bagina, ezingo genuen aurrera egin. Ez genuen inongo oinarririk edukiko, eta galerak handiak izango ziren. Ziurrenik, arazo handi bat izango zen taldearentzat», aitortu du Xabi Bandinik, Kerobiako abeslariak. Euskal Herrian badaude ekinbide sortzaileak bultzatzeko finantzaketa kolektiboaren aldeko apustua egin dutenak. Barrura begiratzeko leihoak bost presoren inguruko filma finantzatzeko, esaterako, 20 euroren truke Zinez txartela eros daiteke. Atzo, gainera, filmaren ekoizleek jakinarazi zuten uko egin diotela Donostiako Udalak emandako diru laguntzari, eta, horrenbestez, «babes ekonomikoa» behar dutela filma bukatu ahal izateko.

Baina ekinbide sortzaileez gain, era guztietakoak finantzatzen dira crowdfunding-aren bidez. Internet sortu zenetik daude sarearen bidezko finantzaketa kasuak, baina sare sozialek prozesua azkartu dute. Orain, adibidez, nahiko normala da eredu hori erabiltzea filmak finantzatzeko, baina 2004an, Guillaume Colbocek eta Benjamin Pommeraud frantziarrek Demain la veille filma finantzatzeko Internet bidezkoa kanpaina egin zutenean, eredu nahiko berria zen; berritasuna zen Internet erabiltzea, alegia.

Plataforma espezializatuak

Hasi ziren, ordea, sarearen bidezko finantzaketa kolektiboa egin nahi duten proiektuak zentralizatzeko plataformak sortzen. Kickstarter AEBetakoa izan zen lehena, 2009an. Plataformek gutxieneko azpiegitura bat eskaintzen diete proiektuei. Gero, proiektua gauzatzeko eskatutako dirua biltzen bada, bildutakotik %4eta %8ren arteko kopuru bat plataformari dagokio. Goteo plataformaren kasuan — datorren irailean GoteoEuskadi abiaraziko dute— , %4koa da kopuru hori. Joan den azaroan sortu zen. «Astero dozenaka proiektu jasotzen ditugu, baina horietako batzuk baino ez ditugu publikatzen», argitu du Enric Senabre Goteoko arduradunak. Izan ere, plataformak espezializatuta sortzen dira, edo, bestela, horretara jotzen dute. Kifund plataforma filmak finantzatzeko da, adibidez; eta Lanzanos, berriz, musikan espezializatuta dago. «Orain arte, oro har, kultur proiektuak bidali dizkigute: diskoak, kontzertuak, liburuak... Baina bestelako ideiak loratzen ari dira azkenaldian. Gure kasuan, harritu egin gaitu nolako harrera ona edukitzen ari diren ekinbide ekintzaileak edo ekologiaren ingurukoak», azaldu du Goteoko arduradunak.

Kerobiak ez zuen plataformarik erabili bere crowdfunding-a egiteko. Bandiniren ustez, «kudeaketa lanak» egiten dituzte plataformek, «baina oraindik ere komisio handiak ezartzen dituzte». Zuloak egiteko, berriz, Muguruzak-eta Verkami plataformara jo dute: «Halere, ez gara egokitu haiek erabiltzen dituzten estandar guztietara». Baina zergatik finantzatu proiektu bat modu modu horretan? Hona Bandiniren erantzuna: «Proiektu bat bagenuen buruan, baina dirurik ez. Hori bezain sinplea da». Muguruzak beste xehetasun bat gehitu dio erantzunari: «Zuloak egitasmoaren inguruan babesle komunitate bat eraikitzeko eta proiektuaren gastu ekonomikoei ahalik eta azkarren aurre egiteko hautatu genuen bide hau». Joan den maiatzaren 18an hasi zuen Zuloak egitasmoak dirua biltzeko kanpaina, eta uztailaren 7an amaituko da. 30.000 euro bildu nahi dituzte, eta oraingoz erdia baino apur bat gehiago pilatu dute. Halere, kontu bat zehaztu nahi izan du Muguruzak: «Nik ez dut gogoko helburu ekonomiko bat ezartzea, eta hori betetzen ez baldin bada ez dugula egingo esatea. Kopuru horretara ez iritsita ere, esan dugu urriaren 5ean estreinatuko dugula filma».

Komunitatearen kontzeptua aipatu du Negu Gorriak taldeko kide oihak. Izan ere, ekarpena egiten duena zerbaiten parte sentitzen da modu horretan. Gainera, ekarpena eginez gero, normalean zerbait jasotzen da trukean. Kerobiaren proiektuaren kasuan, diskoa, DVDa, proiektuari buruzko edukien liburuxka eta mural handi baten zati bat. Eta Zuloak-en alde ekarpena eginez, berriz, kamiseta bat, filmaren musikaren diskoa eta DVDa. «Kontsumitzaile soila ez izateko aukera» eskaintzen da modu horretan, Muguruzaren iritziz.

Edo!, bazkideen bidez

Lorea Agirre kazetariak joan den ekainaren 1ean BERRIAn idatzitako artikuluan zera esaten zuen, besteak beste: «Eta gaur crowdfunding deitzen zaion horri hemen konpromisoa eta militantzia deitu izan zaio urte askoan». Kilometroak jaia eta BERRIA bera aipatzen zituen adibide gisa, baita Edo! argitaletxe sortu berria ere. «Ohiko argitaletxeek eskaintzen ez dituzten lanak plazaratu nahi ditugu. Aldi berean, sortzen ditugun dinamikak ere garrantzitsuak dira, eta horregatik oinarritzen gara talde handi baten borondatezko lanean», adierazi dute Edo! argitaletxeko kideek. Bazkide eta harpidedun bidez finantzatuko dute proiektua. Urtero 100 euro emango dituzte bazkideek, eta 50 harpidedunek. Kaleratutako lanak doan banatuko zaizkie bai bazkide eta bai harpidedunei ere. «Ez dugu uste gure proiektua oso ezberdina denik crowdfunding bidez egindakoekin alderatuta».

Harreman sareak ahalbidetu du Edo!, sare birtualak crowdfunding-aren ideia garatu dutenei bidea ireki dien bezala. Ideia saltzen jakiteak badu bere garrantzia, baina, Senabrerentzat, «sinesgarritasuna» inportanteagoa da, eta plataformen beraien artean «hautespen natural bat» gertatuko dela iritzi dio. «Batzuek uste zuten negozio handi bat zela». Hautespen naturala gertatuko da proiektuetan ere, baina, krisiarekin edo gabe, sareek, birtualek edo pertsonek osatutakoek, eutsiko diote kulturari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.