Kontrol mahaietako argi gorri-berdeak dirdirka jarri dira Urnietako Sarobe antzokian (Gipuzkoa). Atrezzoari azken ukituak eman, eta entsegua hasi aurreko soinu eta irudi probak egiten dihardute. Ipar haizearen kontra dioen kartelak azaltzen du inguruan dabilen saltsa. Joseba Apaolaza «benekoa izateari ere bai, benetakoa izateari ere bai» behin eta berriz errepikatzen, minutu gutxira esan beharreko hitzak gogoratu nahian. Itziar Atienza batetik bestera dabil, jantziak atontzen; tarteka luzaketak egiten, hanka zabal-zabal eginda. Kike Diaz de Rada, berriz, lasai antzean, eserita, taldeko lagun batekin hizketan.
Hastear da Ttanttaka taldearen azken obraren lehen entsegu orokorra. «Guztia prest?», galdetu du Fernando Bernues zuzendariak antzokiko eskaileretan gora. Baiezko erantzuna. Oihala itxi, berriro zabaldu, eta hasi da Ipar haizearen kontra ikuskizuna. Hilaren 20an estreinatuko dute, Bilbon, Arriaga antzokian.
Emmi eta Leoren artekoa
Daniel Glattauer idazlearen Gut gegen Nordwind eleberrian oinarritutako lana da. Ulrike Zemmek antzerkirako egokitu du, eta Ttanttakak azken hori hartu du oinarrian. «Ziberamodioaren inguruko komiki garaikidea da, gure egunerokotasunean dagoen zirrikitu hori, bestearekin elkartzeko bide birtual bihurtu dena», dio Bernuesek obraren inguruan.
Bi pertsonaia dira protagonista taula gainean, Emmi Rothner (Itziar Atienza) eta Leo Leike (Joseba Apaolaza). Bakoitzak bere bizitza du, baina okerreko hartzaileari bidalitako mezu batek bata bestearen bizitzaren parte izatera eramaten ditu. «Emmi teorian lasai bizi den emakumea da, nolabaiteko bizitza antolatua daukana, baina bere barreneko senean zerbait falta zaiola dakiena. Benetako maitasuna falta zaiola badaki, eta orduan agertzen da Leo», azaldu du Atienzak bere pertsonaia deskribatzerakoan. Leo, berriz, Emmiren «beste aldean dago». Hala ikusten du Apaolazak: «Haustura batetik atera berria den pertsonaia da. Berari ere bizitza asko aztoratzen dio Emmik, eta posta elektronikoz, pertsona bat ezagutu gabe, maitemindu, eta bere beharrean bizi da».
Zemmenen egokitzapena oinarrian hartu badute ere, moldaketa batzuk egin dituzte, Bernuesek azaldu duenez. «Originalean senarrarena ez du inork egiten, eta niri garrantzitsua iruditzen zitzaidan hor egotea, horrek egiten baitu benetan espazio birtualak errealitatea eta egia hartzea». Kike Diaz de Radak jokatuko du Bernhard Rothner senarraren rola; zenbaitetan, ordea, Felix Arkarazok hartuko du haren tokia.
«Denak islatuta ikus gaitezkeen lan» gisa definitu du obra Bernuesek. «Oso xaloa da, baina, aldi berean, ez da sinplea, banala edo erraza. Nork ez du nahi izan norbait seduzitu, edo seduzitua izan mezu elektroniko edo sakelako mezu bidez? Denek dakigu zer den mezu baten erantzunaren zain egotea; edo ez dela berdina erantzuna segituan jaso, edo hurrengo egunean».Apaolaza ere bat dator Bernuesekin: «Agian muturrera eramanda dago, baina bizitza arruntean harreman asko eta asko dira era honetakoak». Ipar haizearen kontra eleberriko istorioak bigarren zati bat du, Alle sieben Wellen [Zazpi olaturo] eleberrian jarraitzen duena. Ttanttakak, oraingoz, ez du bigarren zati hori egiteko proiekturik.
Askotariko publikoarentzako obra da, Bernuesen arabera. «Antzerkira doazenak normalean 30 eta 50 urte artekoak eta emakumeak izaten dira. Baina badakit nobela honekin 18 urteko asko harrapatuta daudela. Sentimenduak unibertsalak dira, eta denok ditugu emozio kontrajarriak».
Lan egiteko orduan, ez dute erraza izan aktoreek, aldi berean euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak ikasi behar izan baitituzte. Horrekin batera, «lanak berak testu asko dauka», Atienzak azaldu duenez, eta «hizkuntza bera ere batzuetan korapilatsua da». Zailtasunak zailtasun, Arantxa Iturbek euskarazko itzulpenean egindako lana goraipatu dute.
Beste kasu askotan ez bezala, «obra honek 30 saio ziurtatua ditu». Bernuesek dioenez, «oso garrantzitsua da ikuskizun bat abiaraztea, bestela normalean tragedia bat izaten da. Estreinatu eta urtebete pasatzen da berriro antzokietara itzuli arte. Erakusketa eta sorkuntza eskutik joatea ezinbestekoa da produkzio maila duina mantentzeko» .
Amaitu da entsegua, itxi da oihala, eta ireki da berriro ere. Zuzendaria eta aktoreak oholtzan elkartu dira; pozik daude emaitzarekin. Hilabetetan egindako lana publikoaren aurrera eramatea besterik ez da geratzen.
Sarean erorita
Daniel Glattauerren 'Ipar haizearen kontra' eleberrian oinarritutako obra landu du Ttanttaka taldeak; ziberamodioa du ardatzHilaren 20an estreinatuko dute euskaraz, Bilbon; gutxienez 30 saio eskainiko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu