Literatura

Sari finlandiar bat

Datorren ostegunean jakingo da zein nobelak irabazi duen aurtengo Finlandia saria. Herrialdeko literatur saririk ospetsuena da, baita diru gehien ematen duena ere: 30.000 euro. Sei finalisten artean edonork irabaz lezake, baina gauza bat argi dago: garailea emakumea izango da, eta suomieraz idazten du.

2011ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Suomieraz Finlandia-palkinto du izena, eta 1984an hasi zuen ibilbidea. Urtez urte, Finlandiako nobelarik onena zein den ebatzi izan du —suedieraz nahiz suomieraz idatzia—, jakinda sariek desadostasunak ekartzen dituztela beti, garailearentzat ez beste guztientzat. Noski, han ere zakurrak oinutsik ibiltzen dira. Baina, beharbada, ez da hain ohikoa aurten gertatu dena. 130 nobelaren artean, sei idazlerenak pasa dira finalera: Laila Hirvisaari, Rosa Liksom, Kristina Carlson, Eeva Kaarina Aronen, Laura Gustafsson eta Jenni Linturi. Seiek idazten dute suomieraz, eta seiak dira emakumeak.

Hannu Marttila epaimahaiburuak zera adierazi zuen finalisten berri ematean: «Beharbada, iritsi da garaia alde batera uzteko literatura eta emakumeen literatura bereizten dituen ideia zaharra». Horrez gain, gerrari buruzko lanen presentzia nabarmendu du epaimahaiak, baita belaunaldi eta genero aldaketa gertatzen ari dela ere: «Emakumezko idazle gazteek iaiotasun handia erakutsi dute gerrari buruz askotariko ikuspuntuak aurkezteko, orain arte Finlandian egin izan ez den bezala».

Idazle beteranoak eta hasiberriak daude finalisten artean. Gustafsson eta Linturi, esate baterako, opera prima nobelekin iritsi dira finalera. Hirvisaari idazle eskarmentudunak, berriz, 39. nobelarekin jaso du finalerako izendapena. Liksomek ere dozenatik gora liburu idatziak ditu, eta Aronenek hirugarren nobela argitaratu du aurten.

Abenduaren 1ean emango dute aditzera sarituaren izena, eta harritzekoa, lagun bakar batek erabakiko du nor den irabazlea. Hala izan da 1993an araudia aldatu zutenetik, eta aurten, Pekka Milonoff zinema eta antzerki zuzendariak hartu du lan hori. Esan behar da nobela sariaz gain badirela beste bi Finlandia sari: Finlandia Junior deiturikoak haur eta gazte literaturako lanik onena saritzen du; Tieto Finlandia delakoak, berriz, zientzia eta dibulgazio arloko libururik onena. Nolanahi ere, oraingoan nobeletan jarriko dugu arreta, aurtengo finalisten argumentuek aski interes dutelakoan.

Finalistak, banan-banan

Eeva Kaarina Aronen idazleak hiru nobela argitaratu ditu orain arte. Haren azken lanak, Kallorunpu delakoak (Kaskezur danborra, euskaraz), C.G.E. Mannerheim Finlandiako presidente ohi eta heroi militarraren bizitza hartu du oinarri. Azken hamarkada honetan, Mannerheimen irudia desmitifikatzeko joera gailentzen ari da Finlandian, eta ildo horren barruan kokatzen da Aronenen nobela.

Kristina Carlsonek, berriz, 1999an jaso zuen Finlandia saria. Aurten laugarren nobela aurkeztu du: William N. päiväkirja (William N.ren egunerokoa). Parisen kokatu du nobela, eta horretan, William Nylander ikertzailearen azken egunak idatzi ditu Carlsonek.

Laura Gustafsson gazteak, antzerki ikasketak egin ondoren, estreinako nobela argitaratu du aurten. Lanaren izenburua, Huorasatu. Euskarara itzuliko bagenu, «Putaistorioa» litzateke, aski izenburu deigarria liburu batentzat. Hasiera batean, unibertsitateko proiektu gisa sortu zuen, baina taularatu ondoren, idazketak aurrera egin, eta nobela itxura eman zion Gustafssonek. Bertan, emakumeen historiaurrera jotzen du, mito zaharrak berrikusiz eta «mundu perfektu» baterako bidea eginez.

Laila Hirvisaari ibilbide oparoa duen idazle bat da. Hainbat sari jaso izan ditu, baina orain arte ez du jaso Finlandiako saririk prestigiotsuena. Aurten finalera iritsi den nobelan, Minä, Katariina (Ni, Katariina) lanean, Alemaniako printzesa baten istorioa kontatzen du, zeina behartua izan zen Errusiako errege familia batera ezkontzera haurtzarotik atera berritan. Emakume hori Katalina Handia deritzona izan zen gerora.

Rosa Liksom idazle eta artista finlandiarrak ipuin liburuak, haur literaturako bi lan eta hiru nobela argitaratu ditu gaurdaino. Hytty nro 6 (6. konpartimendua) 1986. urtean kokatua dago, Sobiet Batasuna zabaltzen (edo pitzatzen) hasi zenean. Bi bidaiarik —ikasle finlandiar batek eta 40 urteko gizon errusiar batek— Errusiatik Mongoliara doan trenean elkar ezagutu, eta bidaia berezia egingo dute elkarrekin.

Azkenik, Jenni Linturi idazle gazteak erruaren gaia landu du Isänmaan tähden (Aberriarengatik) lanean. Waffen-SS batailoi nazian boluntario aritutako finlandiar bat —gizon zaharra orain— memorietan igerian hasi, eta kaos beldurgarrian nahastuko zaizkio senitartekoak zein armalagunak.

Hautagaien artean, antzezlanetan oinarrituriko bi nobela daude: Minä, Katariina 1996an aurkeztu zuten Finlandiako Antzoki Nazionalean; Huorasatu lana, berriz, iaz taularatu zuten Helsinkiko Antzerki Akademian. Horietariko bat saritua suertatuko balitz, ez lizateke hori gertatu den lehen aldia. Izan ere, 2008an Sofi Oksanen idazlearen Puhdistus (Garbiketa) lanak jaso zuen Finlandia Saria, eta hura ere antzezlana izan zen nobela bihurtu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.