Sastakai odolduak

Agus Perez.
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Antzerkia

'Ricardo III'

Konpainia: Atalaya. Zuzendaritza eta moldaketa: Ricardo Iniesta. Lekua: Barakaldo antzokia.Eguna: Urtarrilak 15.

Maiestate handiz eta sastakai itxurako bederatzi tronutan eserita agertzen dira Atalaya konpainiaren Ricardo III antzezlaneko pertsonaiak hasierako uneetan. Ricardo Iniestak zuzendutako lanak askotan etorri dira Euskal Herrira –azkenean Bilbora, emakume ijitoekin egindako La casa de Bernarda Alba-ren bertsio ikaragarriarekin– eta orain hogei urteko Hamlet-maschine bezalako muntaia mitiko batzuek marka sakona utzi zuten zaletuon antzerki-heziketan.

Garai bateko esperimentazio iturburuetatik gogoz edan ostean, eta Heiner Müller, Maiakovski eta Federico Garcia Lorca bere zerumugaren erdian jarri ostean, tragedia klasikora jo zuen Atalaya konpainiak. Dudarik gabe, William Shakespeareren obra honek tragediaren azaleko eskakizun asko betetzen ditu, odol jario etengabea eta hilketa krudelak tarteko, baina tragedia klasikoan funtsezkoenak direnak –adibidez, gizaki soilaren determinazioak indar gorenen kontra eduki ahal duen indarra– alboratuta geratu ziren maisu ingelesaren tintontzian, hark nahiago izan zuelako giza arimaren putzu lohietan sakondu, Yorktarren eta Lancastertarren arteko gerraostea gaitzat hartuta.

Esku-programan azaltzen digutenez, egokitzapen itzela egin diote testuari, jatorrizko hitzen bi herenak kanpoan utziz, emankizuna gaurko gusturako egokiagoa izan zedin. Nik, ordea, uste dut horretan datzala muntaiaren flakezia nagusia, badirudielako moldaketaren helburu bakarra izan dela argumentua aurrera eramaten duten eszenak salbatzea, pertsonaia bakoitzaren barne garapena eta egilearen aberastasun lirikoa bazter utzita.

Gauzak horrela, ahalegin estimagarrien arloan geratu da proposamena, konpainiaren beste muntaia batzuen sakontasun hunkigarrira heldu ezinik. Hala ere, nabarmentzeko moduko elementu batzuk eduki ditu Ricardo III honek, eta haien artean daude antzezpen gehienen kalitatea, diskurtsoa azpimarratzen duten keinu zehatzak, jantzien edertasuna eta amaierako eszena, non matxinoek errege odolzalea akabatzen duten Mikel Laboaren Haika mutil entzuten den bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.