Satrapi: «Tarteka, edertasun eta arte hutsagatik egin behar dira gauzak»

Ezinezko amodio baten istorioa alegia moduan kontatu du marrazkilari irandarrak 'Poulet aux prunes' film berrian

Agentziak
Venezia
2011ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Eremu intimoago, pertsonalago batean sartu zen atzo Veneziako zinema jaialdia, Urrezko Lehoia lortzeko lehiara aurkeztutako bi filmekin. Bakardadeari buruzko Alpis filma erakutsi zuen Yorgos Lathimos greziarrak, eta magiaz betetako alegia bat, Poulet aux Prunes, Marjane Satrapi marrazkigile irandarrak eta Vincent Paronnaud zinemagile frantsesak. Lathimosek bakardadeari irtenbide bat topatzeko gogortasuna eta ulertu ezina baliatu ditu osagai gisa, narrazio konplexua duen film bat ontzeko. Satrapik eta Paronnaudek, berriz, ezinezko maitasun baten istorioa ondu dute, goxotasuna, nostalgia eta magia erabiliz.

2007an Persepolis zinemarako arrakastaz egokitu ostean, bere beste nobela grafiko bat eraman du pantaila handira irandarrak, Paronnauden laguntzaz eta Golshifteh Farahani, Maria de Medeiros, Chiara Mastroianni eta Isabella Rosellini aktoreekin. Formari, edertasun formalari eman diote garrantzia Poulet aux prunes lanaren egileek, eta horixe izan liteke sariren bat eramateko amua. Bere aitonaren anaia erromantikoaren istorioa kontatu du Satrapik liburuan, Persepolis-en jada agertzen zena, eta 1950eko urteetako Teheranen girotu du kontakizuna. Marrazkiaren abstrakzioaz baliatu dira istorio unibertsala egiteko, ezinezko maitasun baten istorioa munduko edozein lekutan gerta baitaiteke egileen ustez. Marrazkian erabat oinarritu dute lana, eta ez dute guztiz errealista izaterik nahi izan, ipuinaren eta alegiaren artean mugituz. «Helburu batekin egin dugu lan: denok partekatzen ditugun gauzak, maitasuna kasu, erakusteko». Aldi berean, omenaldia egin nahi izan diote 1950eko hamarkadako Hollywoodeko zinemari. Baina, azken batean, «maitasunaren eta edertasunaren aldeko maitasun oihu bat da, ez soilik zinemaren aldekoa», Satrapiren esanetan. «Tarteka, arte eta edertasun hutsagatik egin behar dira gauzak».

Bakardadea, beste behin ere

Film konplexua da Lathimosena, eta tarteka ulertezina ere egin zitzaion Veneziako publikoari atzoko emanaldian. Hala ere, sarituetako bat izateko kinieletan sartu dute gehienek. Canino pelikularekin ezustekoa eman zuen duela bi urte —Oscar sarietarako izendapena lortu zuen—, eta, orduan bezala, berriro ere bakardadearen gaian sakondu nahi izan du lan berrian. Hildakoa ordezkatuz maite zuten pertsona bat galdu duten horiek kontsolatzen aritzen den lagun talde bat da filmaren ardatza. Hildakoak balira bezala beste batzuei gutunak idazten dizkieten pertsonak gogoan izan zituen istorioa eraikitzeko.

Canino filmaren aldean, ikuspegia aldatu duela azaldu du zuzendariak: «Canino mundu faltsu honetatik ihes egin nahi duen pertsona bati buruz ari zen; Alpis-ek, aldiz, beste pertsona batzuekin du zer ikusia, mundu ezberdin horren parte izan nahi dutenak, beste mundu batean sartu nahi dutenak». Tarteka, Veneziako ikusleak hunkitzea lortu zuen lanak, baina beste hainbatetan ulertzen zaila gertatu zitzaien labirinto batean sartu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.