Donostiako 52. Jazzaldia

Saxo liluragarriak

Charles Lloyd (1938, Memphis, AEB.) saxofoi jotzaile handiak jaso zuen Donostiako Jazzaldiko Saria larunbat gauean.

Charles Lloyd, larunbateko kontzertuan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
2017ko uztailaren 24a
15:30
Entzun

KRITIKA

Charles Lloyd Quartet eta Saxophone Summit

Lekua: Trinitate plaza. Eguna: Uztailak 22

Charles Lloyd (saxoa eta xirula), Gerald Clayton (pianoa), Reuben Rogers (kontrabaxua), Eric Harland (bateria)

Joe Lovano (saxo tenorra, clarinete alto), Greg Osby (saxo altua), Phil Markowitz (teklatua), Cecil McBee (kontrabaxua), Billy Hart (bateria)

Charles Lloyd  saxofoi-jotzaile handiak jaso zuen Donostiako Jazzaldiko Saria larunbat gauean. Eskertzeko orduan, hitz gutxi batzuk baino ez zituen erabili. Saxoari begia kendu gabe, zuzendu zitzaien, hunkituta, Trinitate Plazako ikusleei. 1966an egin zuen balentriarik handiena, Keith Jarrett pianistarekin, Jack DeJohnette bateria jotzailearekin eta Cecil McBee baxu jotzailearekin laukotea osatuta. Live at Monterey diskoaren milioi bat kopia baino gehiago saldu zituzten. Jazzaren historian, lehenak izan ziren halako gailurrera iristen. Hura izan zuen bere lehen Feat handia. Jazzaldian bere Feat berriarekin azaldu zitzaigun. Eta emaitza itzela izan zen.

Haren doinuak, haren musikaren koloreak eta zaporeak izan ziren eskertzaren emaitzarik zoragarriena. Gerald Clayton herbeheretarra, piano jotzailea, berezia, zehatza, erritmo latinoei nortasun handiko ukitua emanez aritu zen Reuben Rogers kontrabaxu jotzaileak eta Eric Harland bateria jotzaileak bat etortze erabatekoa erakutsi zuten; indar eta nortasun handiko musikariak dira, eta zein baino zein dotoreago jardun ziren. Nu blues eta Lady Gabor  amerikar jazz indartsuaren erakustaldiaren ondoren, Silvio Rodriguez-en Rabo de Nube-ren bertsio dotore bat erakutsi zigun Lloyd Jaunak, eta baita brasildar erara jotako Ay Mama Ines herrikoi eta jostaria. Bikaina kontzertua. Doinuak, bere puntuan, abangoardia ukitu fin batekin; melodiaren indarra azpimarratzen esaldi dotoreetan, hasieratik amaieraraino. Musika zoragarria, erritmo jostagarri eta doinu sortzailez hornituta. Bikain Charles Lloyd saxo jotzailaren laukote berriaren balentria.

Gaueko bigarren kontzertuak ere saxofoia izan zuen protagonista, Saxophone Summit bandarekin. Joe Lovano, Greg Osby eta Dave Liebman dira saxoaren gailur horren ordezkariak. Tamalez, Liebmanek ezin izan zion bere ordezkaritzari eutsi, ondoezik zegoelako. Eta horrek programa erabat aldarazi zuen. John Coltrane mitikoari eskaini zioten kontzertua, eta, aise, saxo jotzaile handiaren konposizioak berpiztu zituzten.

Txundigarria Osby eta Lovanok erakutsi zuten Coltraneren estiloaren ezagutza sakon eta paregabea. Coltraneren jazzaren sustrai hori, freskuraz eta adierazkortasun handiz azaldu ziguten. Phil Markowitzek, Cecil McBeek eta Billy Hartek, atal erritmikoarekin Coltraneren musika loratu eta loriatu ziguten. Izugarria kontzertua. Saxoak, oso ondo lagunduta azaldu zitzaizkigun, protagonista izan ziren Trinitateko Jazzaldiaren hasiera horretan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.