Rockaren historiaren parte da Scorpions taldea. Ia 50 urteko ibilbidea du atzean, 160 milioi disko saldu dituela kalkulatua dute Alemaniako hedabideek, 5.000 kontzertu baino gehiago eskaini dituzte, eta jarraitzen dute zerrenda puzten. Gasteizen izango dira ekainean. Azkena Rock Jaialdiko bigarren kartel burua izango da talde alemaniarra. Blondie izango da beste kartel burua, eta bi talde horiez gain, Violent Femmes, Wolfmother, Joe Bonamassa eta Niña Coyote eta Chico Tornado ere izango dira oholtzan, besteak beste. Baina oraindik erabat itxi gabe dago ekainaren 20 eta 21ean egingo den jaialdiaren egitarau osoa.
60ko hamarkada amaieran sortu zuen taldeaRudolf Schenker gitarra jotzaileak, eta ikono bilakatua da taldea aspaldi. Alemanian lortu zuten itzala lehenik, eta Europara ere zabaldu zen haien musika. 80ko hamarkadan Animal Magnetism diskoarekin AEBetan urrezko disko bat lortu, eta zabaldu egin zen haien eragin esparrua. Ereserki bilakatuak dira aspaldi "Rock You Like a Hurricane" eta "Wind of Change" kantak, adibidez.
Hemen ikusi daiteke jaialdiaren egitaraua eta sarreren prezioa.