Sei idazleren ipuinak nederlanderara itzulita batu ditu 'Emekiro' liburuak

Katixa Agirre, Karmele Jaio, Uxue Alberdi, Eider Rodriguez, Jasone Osoro eta Kristina Goikoetxea dira egileak

Cristina Richarte, Karmele Jaio, Eider Rodriguez, Uxue Alberdi eta Henrike Olasolo, Amsterdamen. LANDER GARRO.
Irune Berro Urrizelki.
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Herbeheretarrek euskarazko literaturaren arrastorik ere ez dutela jakitun, sei euskal idazleren narrazioak nederlanderaz argitaratzea erabaki dute Zirimiri Press argitaletxearen editoreek, Henrike Olasolok eta Cristina Richartek. Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Karmele Jaio, Jasone Osoro, Eider Rodriguez eta Kristina Goikoetxearen literatur ipuinak jaso dituzte, Emekiro izenburua duen bilduman. Eta iragan larunbatean aurkeztu zuten Amsterdamgo Perdu fundazioan, idazleetako batzuk han zirela.

Olasolok eta Richartek oraintsu sortu dute Zirimiri Press argitaletxea, hizkuntza gutxituetan idatzitako literaturak nerderlanderara itzultzeko eta zabaltzeko asmoz. Diotenez, «Herbehereetan uste dute Euskal Herria Espainiako probintzia bat baino ez dela». Halaber, konturatu dira «Espainiaren irudi maskulinoa oso hedatua» dagoela. Eta «azken urteetako euskal literaturak emakumezko aurpegia» duela iritzita ebatzi dute sei idazle horien lanak argitaratzea.

Dagoeneko plazan dauzkaten euskarazko liburuetan jasota daude lan horiek, eta estilo eta gai askotarikoak izan arren badutela lotura bat uste dute Olasolok eta Richartek: «Pertsonaien bizitzaren benetakotasuna zalantzan jartzen duten une intimoak jasotzen dituzte». Olasolok berak itzuli ditu nederlanderara, Peter Smaardijkekin eskuz esku. Onno Falkena kazetari frisiarrak idatzi duhitzaurrea. Hizkuntza bat «hitzen sistema bat baino gehiago» dela eta kultura eta nortasun kolektiboa gordetzen dituela azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.