Behin, elkarrizketa batean, Antonio Tabucchi idazleak (Vecchiano, Italia, 1943-Lisboa, 2012) aitortu zuen portugesez amets egiten zuela. Normala. Italiarra zen arren, arima portugaldarra zeukan, eta, hain zuzen ere, Lisboan hil da, herenegun, 68 urterekin. Urteko sei hilabete pasatzen zituen Portugalgo hiriburuan, eta beste sei Toskanan (Italia). Azken hamarkadetako Europako literaturaren erreferenteetako bat —Piazza d'Italia (1975), Porto Pimeko dama (1983) eta Pereirak dioenez (1994), besteak beste— izan dena minbiziak jota zegoen aspalditik. Fernando Pessoa poetaren hitzekin sentitzen zuen lilurak bultzatu zuen, aspaldi, Portugalerantz. Baina Pessoarekin, haren obrarekin, Lisboatik urrun topo egin zuen, kasualitatez, 20 bat urte zituenean. Parisen, Sena ibaiaren ertzean paseoan ari zela, Tabacaria poemaren ale bat deskubritu zuenean, ezustean. Bere bizitzan erabateko aldaketa sentitu zuen Tabucchik, eta Pessoak utzitakoak, haren unibertsoak elikatu zuen bere obra geroztik.
«Lehenik eta behin, Pessoari zor diot fedea edukitzea fikzioan. Izan ere, bere poesiaren bidez eraiki du fikziozko mundu bat», adierazi zuen, behin, elkarrizketa batean. Portugalen bezainbeste hunkitu dira Italian haren heriotzarekin. Pisatik gertu jaio zen, Bigarren Munduko Gerra bete-betean zegoenean. «1943ko irailaren 24an izan zen. Gau hartan, estatubatuarrak Pisa bonbardatzen hasi ziren naziengandik askatzeko. Nire aitak bizikleta gainean eraman gintuen ama eta ni, aitona-amonak bizi ziren lekuraino», kontatzen zuen Tabucchik. Filosofia eta Letrak ikasi zituen Pisako unibertsitatean, eta 1969an lizentziatu, Surrealismoa Portugalen tesiarekin. Lau urte geroago, Portugaldar Hizkuntza eta Literaturaren irakasle izendatu zuten Bolognako unibertsitatean. Italian, Frantzian eta AEBetan eman zituen eskolak.
Euskarara itzulita hiru liburu
Pessoaren zenbait lan itzuli zituen italierara, eta 1975ean munduratu zen narratzaile gisa, Piazza d'Italia kontakizun bildumarekin. Guztira 40 hizkuntzatara itzuli duten haren lana; tartean euskarara. Fernando Reyk itzuli zituen Porto Pimeko dama (Donna di Porto Pim), Oker ttiki garrantzigabeak (Piccoli equivoci senza importanza) eta Pereirak dioenez (Sostiene Pereira). 1996an, hain zuzen, azken hori zinemarako egokitu zuen Roberto Faenza zuzendariak. Marcelo Mastroianni zen film haren protagonista.
Politikoki idazle konprometitua zen giza eskubideekin eta askatasunarekin, eta bere obra egunerokoari egindako behaketa zorrotzean oinarritzen zen, betiere harridura, umorea eta anbiguotasuna baliatuz. Gainera, kontzientzia iraultzailekoa zen, eta beti agertu zen kritiko Silvio Berlusconiren gobernuarekin. Kargutik kendu zutenean, hau esan zuen: «Lasaitasun handia hartzen dut halako munstro bat politikatik kanpo dagoela jakinda. Baina ez da erraza izango Italia desberlusconizatzea, ezta Europan zabaldu duen mikrobioa erauztea ere».
Zutabegilea izan zen, besteak beste, Il Corriere della Sera, Le Monde eta El País-en. 2004tik zeukan Portugalgo herritartasuna, eta behin Bloco de Esquerda alderdiaren hautagaia izan zen Europako hauteskundeetarako.
Baina Tabucchik uste zuen «zientzia soilik» zela gai pentsamendu korronte bat elikatzeko. Ez zen, ez, halere, teknologia berrien zalea. Eskuz idazten zuen: «Cromagnon garaikoa naiz. Gustatzen zait boligrafoa hartzea, eta hatzeko kailua elikatzea». Jokoz kanpo bezala sentitzen zen batzuetan, baina bera gustura. «Badakizu zergatik? Posizio hori komeni zaidalako. Azken finean, idazle guztiok gaude jokoz kanpo; eta bereziki jokoz kanpo daude zelai erdian daudela uste dutenak». Etzi lur emango diote Lisboan. Bere alargunaren esanetan, haren lagun frantziarrek, espainiarrek eta italiarrek Lisboara hurbiltzeko denbora izan dezaten. Eta Pessoa ere izango dute akorduan. Eta Sena ertzeko paseoa.•
Hilberria. Antonio Tabucchi
Senaren ertzean paseoan ari zela...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu