Dena izan zitekeen inspirazio iturri Bixente Ameztoirentzako (Donostia, 1946-Villabona, 2001). Esaten zuen ez zuela gauza bakar batek mugitzen. Bidaiek, eguneroko gertaerek, edo ezagututako jendeak, besteak beste, hausnarketarako bidea irekitzen zioten, eta hori gero artelan bihur zezakeen; edo ez.
Haurra zela hasi zen margotzen. «Ia-ia konturatu gabe», haren hitzetan. 14 urterekin, esaterako, erakusketa bat jarri zuen. Ascensio Martiarenarekin eskolak hartu zituen, San Fernandoko Arte Ederren Eskolara (Madril) ere joan zen tarte batez. Baina autodidakta zen Ameztoi. Poliki sortzea gogoko zuen, eta horregatik ez da hain zabala haren obra. Bai, ordea, esanguratsua. Rene Magritte margolari belgikarra gogoko zuen. Haren margolanek bezala, Ameztoirenek ere anbiguotasuna eta paradoxa islatzen zituzten, kontzeptu surrealista bat eraikiz. Errealitatea eta fantasia nahasten zituen, naturako elementuak zein pertsonak erabilita; batez ere, bere familiako kideak. La Familia, 1975ekoa, du, hain zuzen, bere lanik ezagunenetako bat. Eta Remelluriko baselizan (Bastida, Araba) 1990eko hamarkadan egindako santuen irudiak ditu azken ekarpena. •
Soslaia. Bixente Ameztoi
Sentitu, bizi, eta egin edo ez egin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu