Asier Serranoren (Eibar, Gipuzkoa, 1975) Desterratuen piztiarioa gailendu da Irun Hiria lehiaketako euskarazko poesiaren atalean, Iñaki Aldekoak, Jon Kortazarrek, Lourdes Otaegik, Carlos Otegik eta Patri Urkizuk hala erabakita. Euskarazko nobelari dagokion saria, ordea, eman barik utzi dute sail horretako epaimahaikideek, Jose Maria Iriondok, Paulo Iztuetak, Felipe Juaristik, Txuma Lasagabasterrek eta Arantxa Urretabizkaiak. Zazpi lan baino ez dira aurkeztu, eta ez zaizkie iruditu saritzeko modukoak.
Hamalau euskarazko poemario jaso dituzte Irun Hiria sarien antolatzaileek; tartean, Serranorena. Hein batean, joan den udazkenean argitaratu zuen Hiri gorritik (Elkar) poemarioaren bilakaera da Desterratuen piztiarioa saritua. «Galtzailearen irudiaz» hausnar egin du, «orain arte landutako poesia eta narratiba lan guztietan bezala». «Hitz egin dut bakardade ez hautatua edota hautatua bizi izan duten pertsonen inguruan. Gizarteak galtzailetzat hartzen dituen horiei eginiko begirada bat dago lan honetan. Niretzat mamu direnei eskainitako lan bat da», azaldu du Serranok.
Ahalegindu da Hiri gorritik obran landutako «poesia berri» horri eusten. «Leku zehatzen izenik agertzen ez den mundu literarioari jarraipena ematen saiatu naiz, nire betiko iruditeria surrealista eta abstraktuarekin, doakoa ez den krudelkeria horrekin guztiarekin». Idazleak dioenez, poemarioan bihotzak agertzen dira, «baina ez San Valentin egunez oparitzen diren irudiekin bakarrik, beren minbizi eta arteria guztiekin azaltzen dira lan honetan».
Desterratuen piztiarioa editoreari ematea aztertu zuen Serranok. Baina bere buruari erronka egitea, eta sariketa batera aurkeztea erabaki zuen. Lan bat lehiaketa batera aurkeztu gabea zen Serrano. Eta bere orain arteko obra nolabait neurtzeko beharra zuen. Zalantzak zituen Lubaki Bandaren garaiaren eraginez bere lanak ez ote diren «gazte errebelde etiketapean» argitara eman, eta «errekonozimendu bat» izateko gogoa ere bazuen. «Idazteko, lanaldi murriztuak hartzen ditut lanean, eta aukeratutako afizio eta ofizio honetan sinesten lagunduko dit sariak».
Desterratuen piztiarioa-n hasieratik sinistu zuela dio idazleak. Hiri gorritik argitara eman aurretik amaitu zuen, eta zalantza egin zuen Hiri gorritik plazaratu behar ote zuen, «Desterratuen piztiarioa iruditzen zitzaidalako nire obrarik helduena».
Lan batetik bestera bilakaera bat dago. Bada hiri gorri bat-en (Elkar, 1997) jarraipena da Hiri gorritik. Orduan ere erraz idazteko baldintza ezarri zion bere buruari Serranok, eta Desterratuen piztiarioa-n ere idazkera soila lantzerajo duela dio. «Adjektibo eta konparazio gutxi erabiltzen saiatu naiz. Poesia irakurtzeari beldurra dionak hartzeko moduko liburua egiten saiatu naiz». Eta estilo horren bidez, sentimendu unibertsal batzuk agerian utzi ditu, «bortitza izan daitekeen arren, ariketa zintzoa egiteko ahaleginean».
Bestalde, gaztelaniaz, Ignacio Ferrando Perez espainiarrak irabazi du narratiban; eta Fatima Moreira Frutos nafarrak, poesian. Un centímetro de mar nobela saritu du Alvaro Bermejo, Jose Manuel Costas, Maria Luisa Etxenike, Mitxel Ezkiaga eta Raul Guerra Garridok osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko 246 lanen artean. Andrómeda encadenada poemarioa, berriz, 204 obraren artean aukeratu dute Antonio Colinas, Manuel Rico eta Angel Garcia Rondak. 2011 amaitu aurretik argitaratuko ditu Kutxak Irun Hiria sariak irabazitako hiru lanak.
Serranok lortu du Irun Hiria poesia saria, 'Desterratuaren piztiarioa' obrarekin
Galtzailearen figuraren inguruan hausnartu du lan sarituan; euskarazko narratibako saria, berriz, eman gabe geratu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu