Sete Sois Sete Luas jaialdiak Mediterraneoko herri musika ekarriko du Sopelara

Les Voix du 7 Sois, Mario Incudine eta Piccola Banda Ikonak osatuko dute egitaraua, bihartik igandera arte

Mario Incudine, Siziliako kantaria, larunbatean izango da Sopelan. - / BERRIA.
Juan Luis Zabala
2011ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Sete Sois Sete Luas jaialdi ibiltariak Sopelan (Bizkaia) izango du geltokia bihar, etzi eta etzidamu, Les Voix du 7 Sois, Mario Incudine eta Piccola Banda Ikonaren emanaldiekin, hurrenez hurren. Sete Sois Sete Luas (Zazpi Eguzki, Zazpi Ilargi) jaialdia Euskal Herrira iristen den hirugarren aldia da, aurretik bi aldiz egin baita Deban (Gipuzkoa), 2008an eta 2009an.

Jose Saramago eta Dario Fo idazleak aita ponteko zituela, 1993an jarri zen abian Sete Sois Sete Luas, eta harrezkero hazi egin da urtez urte. 10 estatutako 30 hiri batzen dituen sarea da gaur egun. Bi kultura nagusi ditu ardatz jaialdiak, Mediterraneokoa eta Portugalgoa, eta kultura horietako musika eta artea zabaltzen du izen bereko jaialdi ibiltariaren bidez. «Mediterraneoan eta mundu lusitaniarrean zeharko bidaia» da Sete Sois Sete Luas, «topaketen bidez egina, jaialdiaren webguneak dioenez. «Pertsonak bilatzen ditu, ez plazak eta monumentuak. Mediterraneoko nahiz mundu lusitaniarreko herri musikako egitasmo garaikideak eta arte figuratiboa».

Hiru ahots

Biharko saioan ariko den taldeak, Les Voix du 7 Sois-ek, Mediterraneoko kultura ugari uztartzea du ezaugarri nagusi. Hiru kantari nagusi ditu: Tayla Solan (Israel), Juan Pinilla (Andaluzia, Espainia) eta Pedro Mestre (Alentexo, Portugal); eta kantari horiek honako musikari hauen laguntza dute: Wafir Shaikheldin akordeoi, biolin eta oud jotzaile eta kantaria (Afrika iparraldea), Alen Sinkauz baxu jotzailea (Kroazia), Roberto Pistolesi bateria jotzailea (Italia) eta Steffano Saletti bouzouki eta oud jotzaile eta kantaria (Italia). Salettik taldearen zuzendari lana egiten du.

Mario Incudine, etziko saioan ariko den kantaria, Siziliako kantaririk ezagunenetakoa da egun. Antzerkia eta musika uztartzen duten emanaldien bidez, Siziliarekiko eta Siziliako kulturarekiko maitasuna adierazten du bere emanaldietan.

Piccola Banda Ikonak sabirrez kantatutako ikuskizuna aurkeztuko du igandean. Mediterraneoko antzinako hizkuntza da sabirra; italierako, frantseseko, gaztelanierako eta arabierako elementuak batzen zituen. Steffano Saletti da Piccola Banda Ikonaren sortzaile nagusia. Emanaldi guztiak udaletxeko plazan izango dira, eta sarrera doan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.