Literatura

Shakespeare telebistan dago

Telesaila kultuko objektu bihurtu da azken hamarkadan. 'The Wire', 'The Sopranos', 'Six Feet Under' eta 'Mad Men' telesailek dute, besteak beste, dirdira horren errua. Jorge Carrionek 'Teleshakespeare' liburuan ikus-entzunezko eleberri modernoen gida egiten du, horien analisi soziologikoarekin batera.

Jon Benito.
2011ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Azken zazpi urtean zinemarik onena telebistan egin dela diote zinema kritikariek. Kaxa ergela kaxa inteligente bilakatu duten telesailengatik diote hori: kapitulu bakoitza film ertain bat balitz bezala, Ameriketako Estatu Batuetatik etorri da, neurri handi batean, narratibitate berriaren (eta zergatik ez, kalitatearen) aldeko apustua. Eta hor, zehatzago izateko, HBO kateak zer esan handia izan du, nahiz belaunaldi berriko telesail guztiak ez diren ordainezko kate horretan egin (Mad Men, adibidez). Jorge Carrionek Teleshakespeare liburuan (Errata Naturae, 2011), telesailek ekarri duten iraultza audiobisuala hartzen du gaitzat.

Horrek dio hastapenetan ez zela zinemarik, lehena esaldia izan zela. Eta haren ostean poesia, mitoa, tragedia, ipuina eta komedia heldu zirela. Haien ostean, eleberri tragikomikoa iritsi zela eta gero entsegua —darrai—. Atzetik pintura, ondoren argazkia, eta azkenik, zinemaren txanda izan zela. Eta zinemaren haurra, kasu honetan telebista, izan zela azkena heldu zena. Carrionek telebistaren belaunaldikoa dela aitortzen du, eta gogorarazten, zinema (eta ondorioz, telebista) ez dela soilik hitzekin edo irudiekin egiten, bien nahasturarekin baizik. Alegia, belaunaldi honetako telesail berriek kulturaren tradizio guztia hartzen dutela bere gain, ez telebistaren tradizioa soilik. Telesail berriek literaturatik zinematik bezainbeste dutela (eta ez hori bakarrik), ezinbestean.

Kultuko fenomeno

XXI. mendean kultuko fenomeno bilakatu dira telesailak. Kontsumo bideen aniztearekin (DVD, Blu Ray...) eta Interneten sarbide masiboarekin, beste zabalkunde edo ikusmolde bat izatea lortu dute, ordura arteko parrilla-ordutegi eta ikustaldi bakarreko murriztapenetik aske. Telesailak telebistaren ia hastapenetatik egon arren, mende berri honetan lortu dute (berriz) The Sopranos, Mad Men, Six Feet Under, The Wire eta antzerakoekin, kultuko izaera: zinemak beste garai batean bezala, egungo mundua deskribatu eta gizartearen bizi nahia eta psikologia behar bezala ulertzea dute bertute.

Carrionek, batetik, telesailek aura hori zergatik lortu duten azaltzeko helburuz, Teleshakespeare-n azken hamarkadako telesailik onenen gida egiten du (zenbait, ezagunak, eta lerro batzuk gorago aipatu ditudanak, eta beste asko, ezezagunak oraindik Euskal Herriko ikuslearentzat) eta, bestetik, telesail horiek narrazio edota ikuskizun aldetik ekarri duten aldaketa aztertzen du ikus-entzunezkoaren narrazioan definizio berri bat ekarri duela esanez, besteak beste.

Tituluan Shakespeareri erreferentzia egitea ez da alferreko kontua: garaiko jendea inork ez bezala erretratatu zuenez idazleak, eta egungo telesailek gaurko jendea, bere beldur eta nahiekin ere modu horretan deskribatzen duela uste duenez, erreferentzia egokia iruditzen zaio: idazle ingelesak bezala, Cervantesek eta literatura modernoaren hainbat eta hainbat erreferentziak, irakurlea (eta kasu honetan ikus-entzulea) liluratzeko gaitasunarekin uztartu zuten goi mailako exijentzia artistikoa. Horretarako ez zuten beldurrik izan, tonu, hizkera eta generoak nahastera ausartzeko.

Zaldunen metanobela edo antzerki isabeldarraren, XIX. mendeko nobela errealista edo XX. mendeko superheroien komikien jarraipen naturaltzat hartzen du, horrenbestez, Carrionek, XXI. mendeko telesailen eztanda. Gizarteari oihartzun egiten dieten artebideak dira, egungo gizartearen balio nagusiez (eta haien zabalpenaz).

Telesail eredu berria

24 telesaila da, Carrionentzat, XXI. mendeko «telesail eredu berria»-ren paradigma. Han, denboraldi bakoitzean AEBetako presidentea hiltzeko saio bana hartzen da argumentu hari gisara. Denbora errealean kontatzea du telesailak bertute eta abilidade: kapitulu bakoitzak ordubeteko iraupena du, eta kapitulu bakoitzean pertsonaien ordu bat kontatzen da.

Six feet under ezberdina zen haren aldean. Eros eta thanatos hipergaraikide bat, heriotzaz bizi den familia bat abiapuntutzat harturik. Bizi grinaren amodioak eta minak azaldu zituen bost denboralditan. Californication haren ifrentzua zen, nolabait, sexu grinaz baitziharduen, apenas minik gabe. Hedonismoaren gorazarre kontrapartidarik gabea bizi eredu baten ispilu da Carrionentzat.

The Sopranos-eko pertsonaia nagusia, Tony, heroi klasikoa ote den galdetzen du, eta telesaila bera ez ote den tragedia bat azken finean. Zer du Mad Men-ek, 60ko hamarkadan kokatua egonda ere, mende berriaren bigarren hamarkadako jendea kateatzeko, ez bada dena lor zitekeen garai baten ilusioa, liderrarekiko enpatia eta haren erorketarekiko gupida?

Lost telesailak ere bere lekua du liburuan, eta horri, fikzioaren arau guztiak apurtzea leporatzen zaio. Lost ordura arteko kultura guztiaren batura zen narrazio bat zela aipatzen du, berean biltzen baitzituen gerlaren klima, fantasiaren lilura eta zientzia fikzioaren ametsa; eta, beste alde batetik, konspirazioaren teoria, filosofia merke dosi batzuk eta mistika.

Narrazio bide berri eta engagement garaikideez gainera, zinemaren kalitatea dute (hobea ez dutenean) aipatu telesailek, eta horrezaz gainera, serialaren intriga aspaldikoa gordetzen dute. Literaturatik eta zinematik dute, lehen esan dudan moduan, eta hori gutxi balitz bezala, teknologia berrien aukera eta ikus-entzunezkoen tradizio osoa bere barruan jasoa.

Erreferente berri horien sorrerak, zinema kultur zentralitatetik desplazatu du azken hamarkadan. Zabalpen bide berriak izateak, telebista vs zinema dikotomia gainditzea ere ekarri du. Akabo Hollywoodeko produkzioek bizi eredu jakin baten hedapenerako zuten ahalmena: helburu politiko berarekin (balio jakin batzuk helaraztea: zer egiten dute bestela 24, Mad Men edota Californication-ek?) jokatzen dute orain telesailek. The Sopranos da The Godfather berria, ez bakarrik genero bat eguneratu duelako, telesailak zinemaren erreferentzialtasuna berreskuratu duelako baizik.

HBO faktoriak originaltasuna, arriskua eta konplexutasuna dakartza, telesailaren paradigma aldatzeko. Horrela, ikus-entzunezkoen kulturara ere iraultza ekarriz eta Scorsese Allen, Spielberg edo Lumet hil berriaren lekuan, Ed Burns, David Simon, David Chase, Matthew Weiner. Hori bai, poliziek lehen bezain «on» izaten jarraitzen dute. Orain konplexuagoak dira, eta euren seme-alabak ezagutzen ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.