Scott Derrickson zinema zuzendari estatubatuarraren Sinister film berriak zabalduko du Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, urriaren 27an —azaroaren 2ra arte iraungo du jaialdiak—. The Exocirsm of Emily Rose (2005) eta The Day The Earth Stood Still (2008) zuzendu ondoren, ikusmin handia piztu du haren film berriak beldurrezko zinemazaleen artean.
Ethan Hawke eta Vincent D'Onofrio protagonista direla, arrakasta duen nobelagile baten istorioa kontatzen du Sinister-ek. Egun batean, kasualitatez, bere etxe berrian dagoela zeluloide zati batzuk aurkituko ditu idazleak. Horiek aztertuta, uste izango du toki berean bizi izan zen familia baten heriotzaren nondik norakoak argitu ahal izango dituela. Film ilun, beldurgarri eta harrigarritzat jo dute antolatzaileek. Zinema areto komertzialetan urriaren 31n estreinatuko da.
Ikusleen Saria
Derricksonen filmaz gain, beste zazpi film luze lehiatuko dira Ikusleen Saria (6.000 euro) irabazteko. The ABCs of Death (AEB, 2012) 26 istoriotxoz osaturiko filma da. 26 zuzendarik parte hartu dute. Bakoitzari alfabetoko letra bat eman zitzaion, eta, letra horrekin hasten zen hitz batetik abiatuta, beldurrezko istorio bat sortu behar zuten. Nacho Vigalondo, Ti West, Noburu Iguchi eta Srdjan Spasojevic dira parte hartu dutenetako batzuk. 26. atalaren zuzendaria, gainera, Internet bidez egindako zozketa publiko batetik atera zen.
Noburu Iguchi japoniarrak, hain zuzen ere, Dead Sushi filma aurkeztuko du Donostian. Keiko izeneko protagonista landa eremuko hotel batean hasiko da lanean, sushia prestatzen iaioa den bere aita abandonatu ostean. Botika konpainia baten konbentzioa egiten ari dira han. Langile ohi batek mendeku hartu nahiko du, sushi zatiak berpiztuz. Film «ero eta harrigarri» gisa izendatu dute Japonian. Naoyoshi Shiotani japoniarraren Blood -C. The Last Dark, aldiz, «urteko anime onenetakotzat» jo dute adituek. Izen bereko telesail arrakastatsuan oinarriturik dago.
Erresuma Batuan ekoitziak dira bai Cocneys vs Zombies eta bai Grabbers ere, Matthias Hoenek zuzendua aurrena, eta Jon Wrigthek bigarrena. Lehenengoak Andy eta Terry anaien istorioa kontatzen du. Cockney dira biak, hau da, Londresko langile auzo bateko kideak, oso ingeles berezia dutenak. Ez dute zorte handirik bizitzan. Haien aitona zahar etxe bateko arduraduna da, eta eraikina bota ez dezaten, banku bat lapurtzea erabakiko dute. Hori gertatzen ari den ordu berean, birus arraro bat auzotarrak zonbi bihurtzen ari da. Oso bestelako argumentua dauka Grabbers-ek:Meteoro bat itsasoan erori eta zenbait arrantzale galtzen diren egunean, emakume polizia gazte bat bere lanpostu berrira helduko da: Erin irlara, Irlandako Mendebaldeko kostaldean. Zurrutero samarra den lankidearekin batera, horiek eta beste hainbat gertakari ikertzen hasiko da lehen lasaia zirudien komunitatean...
Park Jeong-woo hego-korearraren Deranged eta Juan Carlos Medina espainiarraren Insensibles dira lehian parte hartuko duten beste bi filmak. Botika konpainien gaineko susmoa, thriller bizkorra, hondamendi filmak eta konspirazio teroriak uztartzen ditu Jeong-woorenak, eta guraso biologikoak topatu nahi dituen —hezur-muineko transplante bat behar baitu— neurozirujau baten istorioa kontatzen du Medinarenak.
'Sinister'-ek zabalduko du Beldurrezko Zinema Astea
Zortzi film lehiatuko dira Ikusleen Saria lortzeko urriaren 27tik azaroaren 2ra bitartean egingo den jaialdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu