Antzerkia

'Soinujolearen semea' antzezlana estreinatuko dute Arriagan, etzi

Bilboko antzokiak, Donostiako Viktoria Eugeniak eta Gasteizko Principalek ekoitzi dute Bernardo Atxagaren izen bereko nobelan oinarritutako lana

Irune Berro Urrizelki.
2012ko urriaren 16a
14:43
Entzun

Patxo Telleriak idatzi du antzerkirako egokitzapena, eta Fernando Bernuesek zuzenduko du, Iñaki Salvadorren musikarekin. Etzi eta etzidamu, euskaraz emango dute; eta larunbatean eta igandean, gaztelaniaz. Donostian eta Gasteizen aurkeztu ondotik, Madrilgo Valle Inclan aretoan eskainiko dute gaztelaniazko bertsioa.

Atxagaren Soinujolearen semea antzezlan bihurtzeko eskatu ziotenean izutu egin zela aitortu du Telleriak, “dimentsio handiko nobela baita. Pertsonaia, denbora, gertaera eta hitz asko biltzen ditu”. Horiekin guztiekin “ordu eta erdiko starlux bat” egin duela azaldu du. “Soinujolearen semea-k badu hezurdura bat, eta berau erabili dugu istorioa eraikitzeko. Beste guztia izan da agurtzea eta baztertzea. Pertsonaia eta gertaera askori agur esatea mingarria izan da”. Baina beharrezkoa, antzezlana ontzeko eskaerak aurrera egingo bazuen.

Horrenbestez, antzezlanean ez dira liburuan bezainbeste pertsonaia ageri. Pertsonaia batzuk desagertu egin dira, baina mantendu direnek are indar handiagoa dute, ez daudenen eginkizunak berenganatu baitituzte. Aktore berberek antzeztuko dituzte euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak. Besteak beste, honako hauek: Aitor Beltranek, Joseba Apaolazak, Iñaki Rikartek, Mikel Losadak, Anke Mollek, Asier Hernandezek, Amancay Gaztañagak, David Pinillak eta Mireia Gabilondok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.