Katuajeak

Solido, likido, zirin

Lorea Agirre.
2010eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Ze hizkuntzatan mintzo da?», aitak amari. «Mintzo? Eta zertaz?», besteak. «Hori da bestea».

Disney Channel telebista katearen presio linguistikoa ikaragarria da, kasik ekidin ezina. Hizkuntzakontua soilik balitz gaitz erdi hala ere. Nola egiten duen da bat, eta bestea zer esaten duen. Zer nola adina larri da, larriago ez bada. Ze lan kentzen duen umea disney channeli begira uzteak, eta ze lan ematen duen ikusi duen guztia berriro umeari desikas arazi beharrak: gauzak ez direla horrela benetan, ez dutela izan behar: neskak ez garela tuntunak, ahulak eta goxoak, ezta mutilak azkarrak, aluak eta oldarkorrak; bizitza ez dela saltoki handi bat, erosi eta erosi aritzea ez dela kontua, dirua ez dela guztiaren neurria, ez edertasuna arrakastaren giltzarria, ez irabazteko grina bertute bat. Disney channel guztien indarra.

Frogatua dago: zaborra jaten baduzu, zaborra jaten ari zarela jakinda ere, zaborretik egiten duzu zure ekarria. Lankideen arteko solasaldian, eguneroko bizitzako labezomorroen kontu bat azaltzeko batek Zizek edo Azurmendi aipatuko du, eta hurrengoak Lete, Lertxundi edo Sarri, eta harantzagokoak Lujanbio edo Rodriguez. Eta zuri telezaborreko edozein pertsonaiak esana etorriko zaizu ahora ikatza baino beltzago.

Idazle batek hala dio, hamarkada gutxi barru euskara desagertu egingo dela. Desagerrarazi egingo dutela, hobeto esanda.

Beste batek honako gogoeta botatzen du: denok hil nahi dugun hizkuntza batean idazten dut. Bai, denok nahi dugu hil, gazte, zahar, gizon, emakume, ikasle, irakasle, mediku edo dendari. Denok, ez dugulako inortxok erabiltzen, ez irakurtzen. Egunero harrika hartzen duten hizkuntza bat darabilkit. Ez dakit ze etorkizun duen, amildegia ez bada. Eta amildegira bagoaz, bada joan gaitezen sorkuntza ederrak eginez, bereziak, barnetik ateratzen zaizkigunak, modaz, estiloz, ereduz eta merkatuz kanpo daudenak. Egin dezagun benetako sorkuntza.

Aitonak dio euskaldun izatea euskaraduna izatea dela, ez besterik. Aitak, berriz, euskaldun izatea mundua ikusteko modu bat dela, uniformizazioaren aurkako jarrera bat, globalizazioari aurre egiteko modu bat. Alabak dio euskaldun izatea barnean sentitzen den zerbait dela, oso norberarena, eta horregatik inork ezin diola beste bati euskaldun den edo ez den esan. Izate bat, jarrera bat, sentimendu bat. Hiru urrats belaunez belaun. Aitona eta aitaren artean saihets-bide bat dago, 68ko maiatz batek eta ezkerreko ideologiek eragina. Aita eta alabaren artean lubaki bat dago: berrogei urteko diktadura oso bat, edo demokrazia aldi oso bat, nahiago bada, hainbat alorretan trukagarri direnez.

Eta laurogei urte eta gero euskaldun izatea norberaren bihotz koxkorraren kontu bat baino ez da, ez giza talde baten izate bat edota eskubide bat, ez borroka gune bat. Erdaldun izatea ez bezala.

Eta tarte horretan disney channel guztien makinaria ideologikoak lanean, kanpokoak eta barnekoak. Kontsumo gizarte gero eta indibidualistago baten diskurtso zanpakorra, errepikatzearen poderioz egia ere bihurtu duguna: dena dela eskubide indibidualen erreinu, ez talde ez herri ez hizkuntzek ez komunitatek dutela eskubiderik; dena dela azalera handiko saltoki, nortasuna kontsumoak ematen duela, zer erosi hura izan; dena dela identitate anitz eta ahul, dena dela pertenentzia sentimendu hauskor, sustrai bako. Dena dela likido. Likido ez den guztia solido dela: estatua botere ekonomikoa legea ez ukitu mesedez. Dena horrela dela, eta kitto. Zirin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.