Debako (Gipuzkoa) Praileaitz I haitzuloko hormetan margoak aurkitu dituzte Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak baieztatu egin du aurkikuntza, baina margo horiek noizkoak diren eta zein ezaugarri dituzten ez du zehaztu nahi izan.
Mutrikuko Natur Taldeak eman ditu margo horien inguruko xehetasunak: elkarte horren arabera, Aranzadik Solutre aldian sailkatu ditu behin-behingoz, hau da, duela 20.000 urte ingurukoak. Margoek balio handia luketela erantsi du elkarteak, hots, Ekaingoak edo Altxerrikoak baino baliotsuagoak liratekeela.
Ildo horretatik, han ondoko Sasiolako harrobiak haitzuloa eta barruan duen aberastasun guztia honda ditzakeela ohartarazi du. Areago, harrobiaren ustiaketa segituan gerarazi ezean ondare hori guztia arriskuan dagoela uste du.
Gainera, aurkikuntza abuztuan egin zela, baina Jaurlaritzak zein Gipuzkoako Diputazioak ez dutela horren berri eman azpimarratu du. Jokaera horren oinarrian interes ezkutuak sumatu ditu Mutrikuko Natur Taldeak, eta, badaezpada, Ingurumen Fiskaltzari eman dio berak duen informazioren berri.
Haitzuloa eta ondarea babesteko harrobiko lanak segituan gerarazi ditzala eskatu dio Jaurlaritzari.
Kultura
Solutre aldikoak izan daitezkeen margoak aurkitu dituzte Debako Praileaitz haitzuloan
Sasiolako harrobiak koba eta hango ondarea arriskuan jartzen dituela-eta, hango lanak gerarazteko eskatu dio Mutrikuko Natur Taldeak Eusko Jaurlaritzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu