Musika

Sorkun: "Rock-and-rollaren pisua arintzen saiatu naiz"

Kantariak Ziklomorphosia diskoa kaleratu du, doinu beltzez josia

Sorkun Rubioren laugarren diskoa da 'Ziklomorphosia'. MAIALEN RUBIO
mikel lizarralde
2015eko azaroaren 4a
13:43
Entzun

2014a urte gogorra bezain intentsoa izan zen Sorkunentzat (Errenteria, 1977). Kashbad taldea oholtzetara itzulita, bira luzea egin zuen, eta bederatzi hilabetez kontzertuz kontzertu ibili zen taldearekin. Orduan erabaki zuen bere bakarkako bideari —aurretik hiru disko zituen grabatuak— segida eman behar ziola, errirmo bizi eta gogorretatik urruti. "Rock-and-rollaren pisua kendu eta arindu nahi nuen. Rock-and-rolla kantatzen ahotsak asko sufritzen du".

Erabaki horren ondorioa da Ziklomorphosia, kantariaren disko berria (Srgntx / Promomusika). Lan horretaran musika beltzeraren uretan murgildu da bete-betean Sorkun, eta bere 11 abestietan funk, jazz, soul eta reggae doinuak dira nagusi. "2014an hasi nintzen ideiak biltzen, apuntatzen. Eta erabaki nuen ezberdina izan behar zuela".

Disko dantzagarria da Ziklomorphosia, eta neurri batean bada ere, dantzagarritasun horrek arindu egiten du testuen pisua. "Oso testu tristeak dira! Baina egin nahi nuen dantzatu ahal izango zen disko bat". Bere aurreko diskoetan ez bezala, oraingoan testuen arduraren parte handi bat beste egile batzuen esku utzi. Arlo horretan batik bat Eider Rodriguez izan du lagun. "20 urte nituenenetik lagunak gara eta geure berezko kodeak ditugu". Testuen kalitatearen aldeko apustua izan da berea: "Nire testuek ez dute, euskaraz, nahikoa mailarik, eta Eider, berria, hizkuntza menderatzen duen idazlea da. Eta ezagutzen nau. Berehala harrapatzen du zer nahi dudan".

[youtube]https://youtu.be/siK3KQy6n04[/youtube]

Musikak, bestalde, bere taldekide Aritz Luzuriagak eta Mikel Romerok egin dituzte, eta baita beste kolaboratzaile batzuek ere: Javi Pez, Koldo Soret, Rumba eta Xhelazz (Violadores del Verso).... Diskoan, gainera, bada bertsio bat ere, Howling Wolfen Spoonful 1960ko hamarkadako blues klasikoa.

Azaroaren 26an egingo du diskoaren zuzeneko aurreneko aurkezpena Bilboko Kafe Antzokian —Liberekin—, eta ondoren, beste hiru aurkezpen egingo ditu Hego Euskal Herriko beste hiru hiriburuetan: azaroaren 26an Iruñeko Zentralen —Zea Maysekin—, abenduaren 11n Gasteizko Jimmy Jazzen —Zurarekin— eta abenduaren 18an Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.