Sorkuntza garaikidearen bideak, espazioari eta ikusleari so

Nafarroako lau artistaren lanekin osatu dute Uharteko Zentro Garaikideko lehen erakusketa

Sandra Montero, Mireya Martin Larunbe, Txaro Fontalba eta Guillermo Sarmiento. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Txaro Fontalba, Guillermo Sarmiento, Sandra Montero eta Mireya Martin Larunberen lanek osatzen dute Uharteko Arte Garaikideko Zentroko erakusketa berria. Nork bere ekarpena eginez, osotasun bat bilatu dute, premisa ia bakar modura espaziora eta ikuslearengana egokitutako obrak izatea harturik. Martxoaren 11ra arte egongo da zabalik erakusketa.

Zentroko lehenengo aretoan Sandra Montero eta Mireya Martin Larunberen lanak ikus daitezke. Recintos: Imágenes de lo inexpresable bildumarekin (Guneak: adierazezinaren irudiak) hautemate prozesuek norberarengan nola eragiten duten ikertu nahi izan du 25 pieza eta 6 bideo sorkuntzaren bitartez. Komikiaren, marrazkien, animazioaren eta publizitatearen lengoaiatik gertuko elementuak erabiliz, pop kultura, globalizazioa eta indie musika lurralde intimoago batera daramatza Martin Larunbek: «Lan luze baten zati bat da, asko landutako irudiak daude, eta harreman emozional handikoak dira. Lan horiek ez dira inoiz ere ixten, sorkuntza prozesuan berean eraikiz joan baitira», adierazi du artistak. Mireya Martin Larunbe (Iruñea,1980) EHUko Arte Ederretako lizentziaduna da, eta erakusketa kolektiboak egin ditu; besteak beste, Bilbon, Gasteizen, Madrilen eta Bordelen.

Sandra Monterok (Iruñea, 1983) argazkigintza izan du lanerako tresna. Zahar etxe baten unibertsoan kokatu du bere burua, eta alzheimerra duten pertsonen mundua arakatu du. «Gizabanakoaren eta espazioaren arteko loturak aztertu nahi izan ditugu». Argazkiak Iruñeko Amma zentroan egin zituen.

Argazkien bidez mikroerrelatuak sortu ditu Monterok, argazkigintza eta arkitektura jokoak eginez, eta ez ezer ezkutatu eta ez ezer azaldu egiten duten aurpegiak erretratatuz. Presencia de una ausencia izenburua du lanak (Absentzia baten presentzia), eta argazkilaria bera azaltzen da bere irudietan, «inguruneari omenaldi bat egiteko».

Ahozkotasuna eta gorputzak

Bigarren aretoan Txaro Fontalba(Iruñea, 1965) eta Guillermo Sarmientoren erakusketak daude. Ahozkotasunaren inguruko erakusketa planteatu du Fontalbak Las horas atragantadas bilduman (Kontrako eztarritik joandako orduak): jatea, hitz egitea, isiltzea, kontrako eztarritik joatea, kosk egitea, irenstea, kontsumitzea, egitea dira erakusketak azaltzen dituen jardueretako batzuk. Obrak 2010 eta 2011 bitartean egindakoak dira, eta «merkatuen garai aseezinetan kokaturik daude, non dena den jangarria eta dena azkar batean desagertzen den», artistak berak azaldu duenez.

Besteak beste, anorexiaren gaiari heldu dio Fontalbak, «kulturaren metafora» moduan ulertua. «Gaixoak jateari uko egiten dio, ezinezkoa den perfekzio baten peskizan». Comer aire (Airea jan) serieko lanek erakusten dute anorexiaren metafora hori.

Izenik gabeko gorputzak, espazio zehaztugabe batean, eta inolako ordenari jaramonik egiten ez diotela. Horrela azaldu ditu bere margolanak Guillermo Sarmientok U.N.A.UN izeneko bilduman. Koloreen arteko talken bila zrituda, ikuslea errealitatearen aurrean senti dadin, eta ezagutzen den horri zentzu bat emateak dakarren zailtasunaz gogoeta egin dezan: «Azken urteetan lanean ari naizen ildo bereko lan piktorikoak dira. Irudikatzearen inguruan egindako lanak dira». Kasu honetan, Uharteko zentroko eraikuntzaren beraren ertz eta markoak erabili ditu Sarmientok.

Sarmientoren lanean garrantzitsua den beste atal bat umorea da. Haren koadroek sarri irribarrea eragiten baitute. «Lortutako askatasunetik sortzen den irribarrea da», sortzailearen hitzetan. Iruñean jaio zen Sarmiento, 1980an, eta Cuencako Arte Ederretako Unibertsitatean (Espainia) eskuratu zuen lizentzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.