Epaileek proiektoreak itzalarazi orduko piztu egin da artearen mugei buruzko eztabaida. Askatasun sexualaren aurkako erasoa izan zitekeelakoan, badaezpadako neurri gisa, debekatu egin zuen Donostiako epaitegi batek A Serbian Film pelikularen emanaldia Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema Jaialdian. Kasu horrek eztabaida piztu baino gehiago, ordea, berpiztu egin duela esan behar, akaso. Izan ere, zaharra da artearen eta etikaren arteko harreman gorabeheratsua; behin eta berriz arnasberritzen den klasikoa. Gizartearentzat kaltegarri zirela eta, Platonek bere errepublika idealetik poetak kanporatzeko erabakia hartu baino lehenagokoa, baita egun-egungoa ere. Aspaldikoa bezain oraingoa.
«Artelana helburu bat da bere barnean, edo beste zerbait lortzeko bitarteko?». Galdera horrek ardazten du eztabaida historikoa,Iñigo Marzabalen hitzetan. Zinemaren historia irakaslea da, eta Deliberaciones poéticas. Cine y ética narrativa izeneko liburuaren egilea ere (Gogoeta poetikoak. Zinema eta etika narratiboa). Dioenez, gizarteak artearekin duen jarrera penduluaren gisan mugitu da, batetik bestera, historian.
Artea bitarteko zela uste zen garai batean; gizartearen moralaren neurrira sortu behar zuela artistak, alegia. Marzabalek garai moralista deitzen dio horri, baina erromantizismoarekin irizpide autonomista gailendu zen; hots, irizpide politiko, moral eta legalak albo batera utzita, artea artistikoki bakarrik epai daitekeela dioena. Eta arteak librea behar duela defendatzen duen garaia da egungoa. Artearen neurria arteak baino ezin duela epaitu dioena.
«Paradoxikoak» dira, horregatik, A Serbian Film-enaren gisako debekuak, Marzabalen ustez. «Gardentasunaren garaian bizi gara. Hori eskatzen diegu bankariei, politikariei... Zergatik ez hedatu gardentasun hori artera ere? Ez dugu bada dena jakin nahi? Zergatik onartu gardentasun eza artean?». Autonomismoa eta moralismoa muturreko jarrerak direla dio, eta erdibidekoa proposatzen du: «Arte produktuek beren funtzionamendu lege propioak dituztela onarturik ere, egia da sorkuntzatik bertatik daukala izaera etikoa arteak. Artistak gauza batzuk argitu eta beste batzuk ezkutatzen ditu. Aukeratu egiten du bere fokua; posizio bat hartzen du errealitatearekiko, eta hori bada erabaki etikoa».
Begiak ixteko aukera
Bi eskubideren arteko tentsioa da, Marzabalen ustez, arteari eta etikari buruzko eztabaidaren beste ardatza. «Adierazpen askatasuna dago batetik, bai, oinarrizko eskubidea dena, bere muga eta bermeekin, eta ongi egiten dute artistek hura aldarrikatzen. Baina haren aldean badago beste askatasun bat ere: kontsumitzailearena, ikuslearena. Beti dago begiak itxi, liburua utzi, telebista itzali edo sarrera ez ordaintzeko aukera. Artistaren autonomiaren aldean, badago ikuslearen autonomia ere».
Baina lainotsua da muga, batzuetan, eta bada laino hori arte bihurtu duenik. Hori da Chris Burden artista estatubatuarraren Samson izeneko instalazioaren kasua. Bere muturreko proposamenaren konplize bihurtzen du bisitaria artistak. Washingtongo areto bateko hormen aurka presioa eragiten zuen makina handi bat zen piezaren zutabe nagusia. Eraikina kolokan jartzera hel zitekeen tresna.
Arriskua zuen proposamenak; bisitaria zen, ordea, arrisku hori onartu eta aktibatzen zuena. Mekanismo baten bidez, aretoa ikustera sartzen zen bakoitzak areagotu egiten zuen pixkanaka hormen aurkako presioa, eta bere burua eta besteena arriskuan jartzen zuen. Bisitariak bazuen bere ekintzaren ondorioen berri, eta haren esku jarri zuen, hortaz, Burdenek arrisku hori hartzeko aukera. Bisitariak zuen erabakia: sartu ala ez sartu; hautsi ala eutsi; bizi ala, akaso, hil.
Sierraren polemika
Dilema beraren aurrean jarri zituen bisitariak Santiago Sierra artista espainiarrak Alemaniako sinagoga batean egindako instalazioan. Nazismoak eraildako juduak zituen gogoan hark. Sei autoren ihes hodietatik ateratzen zen gasaz bete zuen sinagoga abandonatu hura, eta, bisitariei maskarak ematearekin batera, gas hilgarriz betetako gela batean sartzen zirela bazekitela zioten paperak sinarazten zizkien. Egunkari batek hala planteatu zuen lan haren etikotasunari buruzko eztabaida: «Holokaustoaren banalizazioaren aurkako protesta, edo askatasun artistikoaren gehiegikeria?». Artea guztiz librea ote den, hori zen galdera.
Artea ez da emaitza bakarrik, ordea, bada sorkuntza prozesu bat ere, eta galdera etikoak pizten dira fase horretan, maiz. Sierra izan daiteke berriz adibide. Merkatu globalizatuaren garaiari eginiko kritikak dira haren lanetariko asko, baina merkatu globalizatu horren mekanismoak erabiliz egindakoak. Orduko bi dolar ordaindu zien gaztelaniaz ez zekiten hamaika emakume indiarri, hizkuntza horretan esaldi hau errepika zezaten: «Ordaindu egiten naute esanahia ulertzen ez dudan zerbait esatearen truke».
Polemikaz polemika ibili da artista bere ibilbidean, eta polemikaz bustita dago harekin loturiko azken albistea ere. Haren lanaren balio etikoari buruzko eztabaidak gorabehera, Espainiako Arte Plastikoen saria jaso du aurten bere ibilbideagatik. Sariari uko egin dio, ordea. «Zerbitzu bat bete duenari ematen zaizkio sariak; hilabeteko langilerik onenari, adibidez». Hala argudiatu du bere ezetza. Dioenez, bera ez da estatuaren tresna, eta bere askatasun artistikoa aldarrikatu du.
Eztabaida etikoaz harago doaz, Marzabalen iritziz, halako kasuak. Ezberdina baita, haren ustez, arte lanak erakusten duenari buruzko eztabaida eta arte lan hori egiteko prozesuari buruzkoa. «Legaltasunaren esparruan sartzen gara. Eta esparru legalean legeak dioenak balio du. Film bat egiteko umeak erabili eta esplotatu badira, adibidez, legea sartu beharko litzateke jokoan. Hori da jokorako esparrua». Marzabalek aitortzen duenez, lainotsua da legaltasunaren eta etikaren arteko harremana.
Gatazka eztabaidagai
Euskal Herrian, egoera politikoarekin loturiko gatazkak agertzen du erarik nabarmenenean etikaren eta artearen harreman gorabeheratsua. Hori da gurean, artistaren askatasunari eta balizko muga moralei buruzko eztabaidaren ertzik zorrotzena. Nahasia da gaia, lainotsua, baita muturrekoa ere. Politikoa, artistikoa beste.
2008an, adibidez, Khuruts Begoña artistaren lan bat kendu zuen Bizkaiko Aldundiak Bilboko Rekalde aretotik. Vicente Larrearen eskultura bat eta Guardia Zibilen auto bat erakusten zituen lan hark, eta mira bat ere ageri zen bost minutuko bideo hartan; «arma moderno batena»zen, aldundiaren hitzetan, eta «kamerarena», berriz, artistaren esanetan. «Errealitatea aldatzeko subjektibitateak duen botereari buruzko gogoeta bat» zen lana,Begoñaren hitzetan, baina Aldundiak biktimen aurkako iraina ikusi, eta kendu egin zuen haren lana erakusketatik. Ustezko ardura politikoa, beraz, artistaren askatasunaren gainetik.
Antzerakoa da Clemente Bernad argazkilariak Guggenheimen jarritako lan batekin gertatutakoa. AVT biktimen elkarteak museotik kentzeko eskatu zuen. Euskal gatazkari loturiko erakusketan ETAko kide baten hilotza agertzen zuen argazkia zen eztabaidaren sorburua. AVTren ustez, biktimekiko iraina zen argazki hura, baina museoak eutsi egin zion argazkia erakusteari. ETAk hildako Miguel Angel Blancoren kaskezurra ageri zuen beste argazki bat kendu zuen Bernadek, baina hildakoaren senideei gogorregia iruditu zitzaielako eta erakusteko baimena ukatu ziotelako.
Ardura eta askatasuna. Bi termino horien artekoa izan zen eztabaida, berriz ere, iaz Donostiako Zinemaldian. Jaime Rosales zinema zuzendariaren Tiro en la cabeza filmak piztu zuen, orduko hartan. 2007an, Capbretonen (Frantzia) bi guardia zibil hil zituzten ETAko hiru kideetariko baten bizitzan murgiltzen da filma ia bi orduz, hitzik gabe, haren eguneroko bizitza erakutsiz. Hortzak garbitzen ageri da, lotan, jaten... Eta, azkenean, tiro batez polizia hiltzen. Erasoaren justifikazio bat ikusi zuen zenbaitek filmean, eta izan zen kexarik. Txalo eta txistuak nahasirik entzun ziren estreinaldian, eta izan zuen oihartzunik hedabideetan. Ez zuten bestelako neurririk hartu.
Arte mota guztietara zabaltzen da etikaren eta estetikaren arteko tentsioa. Literaturan ere izan da halako eztabaidarik; Euskal Herrian bertan, orain ez hainbeste. Jon Miranderen Haur besoetakoa liburuari buruz aritu ziren hainbat idazle uda aurretik Bilbon. Bi kalitate mota ikusten zituzten aurrez aurre idazleek: kalitate literarioa eta kalitate etikoa. «Ondoen idatziriko lanetako bat da, eta, aldi berean, onartezinenetako bat», esan zuen Bernardo Atxagak, protagonistak ume batekin duen maitasun istorioari eta emaztegaiarekiko duen jarrera aipatuz. «Ez dugu [Mirande] barkatu behar euskaraz idatzi zuelako».
Oreka larria
Legaltasuna aipatu berriz ere Marzabalek. Eta berriz ere eremu lainotsua. «Dena da zilegi fikzioan», dio. «Gizartearen kode moralak arteari aplikatu izan balitzaizkio, desagertua legoke egun daukagun ondare kulturalaren zati handi bat. Ezin da ahaztu, ordea, Sadek kartzelan bukatu zuela, eta Flaubert epaitu egin zutela, Madame Bovary nobela adulterioaren aldeko aldarrikapena zela egotzita. Ikusmira laburra du ikuspegi moralista horrek, baina baita arteak gizartearekin eta bizitza sozialarekin harremanik ez duela dioena ere».
Artelana ez da, Marzabalen hitzetan, helburu soil, baina ezta bitarteko huts ere. Eta, beraz, zaila da etikaren eta estetikaren arteko harremana. Askatasunaren eta arduraren artekoa. Artista eta gizartearen artekoa. Legaltasuna eta moralitatearen artekoa. Muga lauso eta kasu irristakorrez betetakoa. Eta zaila dirudi orekak; larria, hauskorra, eta ez arriskurik gabea. Marina Abramovitx eta Ulay artistek egindako Rest Energy izeneko piezan igar daitekeena bezalakoa.
SORKUNTZAREN MUGAK. Artea eta etika tenkan
Donostiako epaitegi batek 'A Serbian Film' pelikularen proiekzioa debekatu ostean piztu egin da artearen muga etikoei buruzko eztabaida; Euskal Herrian, maiz, gatazka politikoarekin loturik doa polemika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu