Bilboko Kafe Antzokiko oholtza gainetik areto hustuari begiratu dio Jokin Oregi antzerkigile eta gidoilariak (Soraluze, 1970): «Leku ederra elkarrizketa bat egiteko». Zorioneko urtea du aurtengoa. Izan ere, Patxo Telleriarekin batera, euskarazko egilerik onenaren Max saria jaso zuen aurreko astean Madrilen, LKM Larria, Kutsakorra, Mendebaldekoa lanarekin. Martxoan, berriz, FETEN Haurrentzako Europako Arte Eszenikoen Gijongo Azokako lanik onenaren saria irabazi zuen, Marie de Jongh antzerki konpainiaren Alabatxo lanarekin.
Nola jaso dituzu sariok?
Sariak beti gustura hartzen dira,jakina. Gainera, FETENekoa gustu handiz hartutakoa da, ze ez da batere erraza. FETENera urtero 400 konpainiatik gora aurkezten dira, eta horietatik 50 inguru aukeratzen dituzte. Eta guri egokitu zaigu obra onenaren saria. Eta Max sariena, ba, egia esan, nahiko lasai eta inolako esperantzarik gabe joan ginen Madrilera Patxo eta biok, eta aitortu behar dut jaso genuenean asko poztu ginela. Batez ere, asko poztu nintzen irabazi eta berehala zorion zaparrada bat hasi ginelako jasotzen eta konturatzen zarelako zure sariekin ere jendea pozten dela. Sariak esan nahi duenarekin ere bai. Nik ez dut uste zehazki obra honengatik jaso dugunik saria, baizik eta gure ibilbideagatik.
Nola hartu ditu publikoak lan biak?
Alabatxo-k oso harrera ona izan du, eta denek esan dute gure espirituarekin bat datorrela. Guk familia osoaren sentimenduak borborka jarri nahi ditugu. Haurrak eta helduak elkarrekin joaten dira aretoetara, eta ederra da ikustea obra berarekin zelan gozatzen duten biek. Horregatik,beti arriskatzen dugu, bai gure kontatzeko formetan, baita gaietan ere, eta helduentzat ariko bagina bezala egiten dugu lan, prozesu berdinari jarraituz. Umeen antzerkiarekiko aurreiritzi asko daude oraindik, nahiz eta azken urteetan gauzak aldatzen hasi diren, eta gauzak profesionalago egiten ari dira, baina lehen pentsatzen zen umeentzako antzerkian edozer sar zitekeela eta, gainera, edozein modutan.
Sormen prozesu berari jarraituta ere, haurrentzako eta helduentzako lanek planteamendu berak al dituzte?
Berdin-berdin egiten dugu lan, profesionaltasun berarekin. Ez gaitu baldintzatzen horrenbeste norentzat ari garen, baizik eta zer kontatzen dugun eta nola kontatzen dugun. Marie de Jonghen solasaldirik gabeko lanak egiten ditugunez, askotan inprobisatzearen bidez garatu behar ditugu nik imajinatutako egitura eta eszenak. Prozesu horrek beti behar du denbora gehiago testuarekin egitean baino.
Zuk zeuk idatzi eta zuzentzen dituzu lanak. Halabeharrez egiten al duzu ala bokazioa da gehiago?
Egia esan, ni aktore moduan hasi nintzen lanean, Basauriko antzerki eskolan, ez zegoelako ez idazleentzako ez zuzendarientzako eskolarik hemen inguruan. Bestela, hor sartuko nintzen; ez nuen aktore izateko ilusio berezirik. Antzerkigintza gustuko nuelako sartu nintzen, eta hor hasi nintzen ikusten ze aukera zeuden. Eskerrak bost urteko ikasketa haietan aukera izan nuen idazkuntza lantzeko Felipe Lozarekin. Zuzendaritza ez horrenbeste, baina beti zoaz ikasten; ikusi ahala, ikasten joaten zara.
Nola bizi duzu zuzendari lana?
Niretzat oso gauza ederra da, eta, gainera, alde horretatik, pribilegiatua naiz. Zeuk zeure buruan ezerezetik sortu duzun istorio baten inguruan lanean jartzea denak (argiztatzaileak, aktoreak…) zeure ideia hori aberaste aldera, hori demasa da. Horri antzerkiak daukan gauza zoragarri hori gaineratu behar diozu, zuzenean partekatzea. Gauza handia da, ederra da.
Zeri begiratzen diozu lanetarako gaiak aukeratzean?
Obra guztietan pertsonari begiratzen saiatzen naiz, barruan dugun horri eta besteengandik hurbilen sentiarazten gaituen horri. Azken finean, antzerkia hori da, publikoaren aurreko emanaldia, eta hor partekatu egiten dira sentimendu batzuk. Nire ustez, antzerkira datorren jendea, edozein artelanen aurrean jartzen den pertsona oro, barru-barruko tekla hori ukituko dion beste norbait bilatzen ari da. Bakarrik sentitzen gara, etasormen lan ederrek bakarrik ez gaudela gogoratzen digute, beste inork sentitu duelako guk era anonimoan sentitutakoa. Aurrekoan, lagun batek esan zidan antzerkia egun are eta beharrezkoa dela, egungo egoeragatik, eta bada, baldin eta ondo eginda badago, sentimenduak eta kezkak partekatzeko modua delako.
Nola ikusten duzu euskal antzerkigintzaren egoera?
Egoera ekonomikoa ez da onena. Baina, kalitateari dagokionez, oso gauza onak daude, eta beti dago ikusleria bat; lehen esan bezala, beti dago kezkak eta sentimenduak partekatzeko behar hori. Euskal Herrian oso gauza interesgarriak egiten ari dira, bai konpainia profesionalak, bai amateurrak. Hemen dugun arazoa da antzerki eskolarik ez dagoela. Arlo guztietako profesionalak prestatzeko, bai aktoreak, bai teknikariak, bai zuzendariak, bai egileak… Orain dela gutxi ibili ziren zerbait egin nahian. Batzuk deitu gintuzten gure iritziak, kezkak eta ideiak eztabaidatzeko, baina hori ere ez dakit non geratu den.
Eszenika arte eszenikoen goi eskolaz ari zara. Aurrera egingo duela pentsatzen al duzu? Ze leku izango du euskarak horretan?
Ez dakit aurrera egingo duen, noiz edo nola. Baina horrelako zerbaiten beharra egon badago.Euskarak ze parte izango duen ere ez dakit. Hala ere, euskarak lekua izan behar du, beste ikasketetan bezala. Ziurtatu beharreko gauza da. Euskaraz eta gazteleraz ikasteko aukera egon behar du. Ezin dezakegu amore eman horretan, etorkizuneko antzerkigintzan eragina izango duelako.
Zure sormen prozesura bueltatuz, lan handia ematen dizu idazteak?
Bai. Gero eta zorrotzagoa bihurtzen zara, eta lehen balio zuenak ez du gehiago balio. Publikoarizure onena eskaini behar diozu. Sortzea ez da erraza. Azken finean, zuk ideia bat ereiten duzu eta hor zuhaitz bat hazten da, baina gero adar pilo bat dauka. Eta jakin behar duzu adarrak adar direla eta enborra enbor, eta enborra dela garrantzitsuena. Istorio bati enborretik heldu behar zaio, sustraitik eta enborretik, eta gero polito jarri eta sobran dauden adarrak moztu eta zuhaitz itxuroso bat eskaini jendeari.
Jokin Oregi. Antzerkigilea
«Sormen lan ederrek bakarrik ez gaudela gogorarazten digute»
Antzerkigintzan ibilbide luzea du Jokin Oregik. Aktoretzara eraman zuen hasiera batean antzerkiari dion maitasunak, baina laster utzi zuen, antzezlanak idatzi eta zuzentzeko; euskarazko egile onenari dagokion Max saria irabazi berri du Patxo Telleriarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu