Sormenetik esperimenturako leihoa

Pagoarte Kultur Elkarteak 1997tik 2007ra arte antolatu zituen ekimenen berri ematen duen bideo lana eman du argitaraSormenaren diziplinen arteko elkarlana eta esperimentazioa sustatu zituen

Juan Luis Zabala
2011ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Hasieran, sortu zen garaian, Pagoarte zer zen ulertzea zaila egin zitzaiola aitortu du Eli Garmendia kazetariak Pagoarte9707 bideo lan plazaratu berriaren hasieran. «Ez zen ohiko kultur etxe bat, ez zen arte galeria bat, ez zen auditorium bat, ezta antzoki bat ere, baina horiek denetatik zerbait zeukan». Bideo lanaren amaieran, ordea, erantzun bat ematen du, «Pagoarte bizi eta ulertu eta gero» hausnartua: «Elkarlanean oinarritutako esperimentua, diziplina ezberdinetako artisten arteko elkarlana bultzatu duena, ausardia ikaragarriz eta irudimen are gehiagoz, eta, gainera, bertan erabat sustraituta, ondo errotuta». Bideo lanak Pagoarte Kultur Elkartearen ibilbidea laburbiltzen du, 25 minutuan, sortzaile ezagunen lekukotzak bilduz, Bernardo Atxaga eta Xabier Lete haien artean. Mikel Mendizabal Cristobalek zuzendu du bideo lana eta Pagoarte Kultur Elkarteak ekoitzi.

Anton Mendizabal eskultoreak, Mikel Mendizabal Cristobal bideogileak eta Imanol Irigoien margolariak sortu zuten Pagoarte 1997an, nork bere tailerra Oiartzungo Ergoien auzoko industrialdera aldatzea erabaki zutenean. «Hirurok erabaki genuen lan egiteko lekua aldatu, eta industrialde hartara joatea une berean», ekarri du gogora Anton Mendizabalek. «Gela batzuk erosi, eta elkarrekin jarri ginen han, bakoitzak bere lana egiteko asmoarekin. Han galduta-edo gelditzeko beldurrez, pentsatu genuen giro kreatiboa ematea inguruari. Lokal bat gehiago hartu genuen, areto gisa erabiltzeko, eta hasi ginen pentsatzen zer antola zitekeen jendeari begira, nork bere aldetik egiten zuen lanaz aparte».

Ohiko emanaldiak antolatzeari ez zioten zentzu handirik aurkitzen, eta nahiago izan zuten esperimentazioaren bidetik jo. «Sorkuntzaren arloko jende asko ezagutzen genuen, eta lehen pausoa izan zen haiekin hitz egitea ea zer iruditzen zitzaien gure asmoa». Kontsultatutako interlokutoreen aldetik erantzun ona jaso ondoren, 1997ko udazkenean hasi ziren ekitaldiak antolatzen.

Sortzaileen jarrera, aldekoa

Sortzaileen erantzuna oso ona izan zen beti. «Esperimentuak ondo edo gaizki atera, beti egon zen gogo bat, alaitasun bat. Aurretik, lan asko egiten zen, bildu eta hitz egin… Horrek ere laguntzen zuen harremanak estutzen eta gauzak hobeto ateratzen. Hori berdin izaten zen artista kontsakratuekin zein hasiberriekin».

Administrazioen laguntza izan du beti Pagoartek, baina ez da horregatik zailtasun ekonomikoetatik libre izan. «Ematen ziguten dirua lortzeko, paper ugari bete behar genuen, inoiz ez genuen dirua jasoko zelako ziurtasunik izaten, eta, gainera, dirua oso epe luzera jasotzen genuen, eta estutasun handiak pasatu genituen une batzuetan».

«Orduan, alderdi ekonomikotik begiratuta, oso zaila zen horrelako ekimen bat aurrera ateratzea, eta gaur egun are zailagoa da, gauzak ez direlako hobetu», Mendizabalen ustez. Horrek ere eragin du Pagoarteren proiektuaren amaieran, baina ez da inondik ere motibo bakarra izan. «Formulak, gu geunden baldintzetan eta geure ahalmenekin, ematen zuen eman zuena. Gauzak errepikatzen eta dekandentzian amiltzen hasi baino lehen, uztea erabaki genuen. Errepikatzen hastea Pagoarteren espirituarekin haustea izango zen, eta nahiago izan genuen indar betean amaitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.