Beteta dator Euskal Herriko kultur agenda. Aurten ere musika jaialdi garrantzitsuak izango dira Euskal Herrian, BBK Live eta Azkena Rock direla tarteko. Bi horiek dagoeneko eman dute euren egitarauan izango diren hainbat musikariren berri. BBK Live jaialdia uztailaren 12tik 14ra izango da Kobetamendin, Bilbon, eta Radiohead taldea etorriko dela iragarri dute. Azkena Rocken (Gasteiz), berriz, Black Sabbath eta Lynyrd Skynyrd gonbidatu dituzte, ekainaren 14tik 16ra.
Bi jaialdi horietaz gain, ez dira faltako Donostiako eta Gasteizko jazz jaialdiak. Donostiakoa uztailaren 19tik 23ra izango da, eta iazko agertokiak mantentzearekin batera, Viktoria Eugenia antzokia berreskuratuko dute. 47. urteurrena izango du jaialdiak aurten. Gasteizko jaialdia, berriz, uztailaren 15etik 21era izango da, eta han izango dira, besteak beste, Sonny Rollins, Joshua Redman eta Joe Lovano musikariak. Bruce Springsteenen kontzertuak piztu du aurten ikusmin handiena, sarrerak ordu gutxian amaitu baitziren. Donostiako Anoeta estadioa betetzea espero dute ekainaren 2an.
Arteari dagokionez, Bilboko Guggenheimek eta Arte Ederren museoak prest dute aurtengo erakusketen egitaraua. Guggeheim museoan David Hockney, Cristina Garcia Rodero, Egon Schiele eta Claes Oldenburgen lanak ikusi ahal izango dira, beste zenbaiten artean. Iaz zabaldu zuten Constantin Brancusiren eta Richard Serraren lanen erakusketak apirilaren 15era arte jarraituko du irekita.
Arte Ederren museoak Anselmo Guinea eta Fernando Botero margolariei eta Jose Ramon Anda eskultoreari erakusketa bana eskainiko die. Horrekin batera, 36ko gerran Robert Capak, David Seymourrek eta Gerda Tarok ateratako argazkiak lehen aldiz erakutsiko dituzte Maleta mexikarra erakusketan. Bestalde, oraindik zabalik dago Antonio Lopez margolariaren erakusketa; hilaren 22ra arte bisitatu ahal izango da. Museoko erakusketa arrakastatsuenetako bat izan da: urte amaieran 142.366 bisitari zenbatu zituzten.
Artium Gasteizko museoak ere eman du bere eskaintzaren berri. Regina Jose Galindok, Gernika margolanak, Ignasi Aballik eta Alfredo Alvarez Plagarok erakusketa bana izango dute. Haritik tiraka egitasmoak hiru erakusketa bilduko ditu, etxeko bildumari eskainiak.
Donostiako Zinemaldiak 60 urte beteko ditu aurten; hala ere, antolakuntzak jakinarazi du ez dela «handikeriarik» egongo.
Springsteen eta Radiohead Euskal Herriko agertokietan
Guggenheimek erakusketa bat eskainiko dio David Hockneyri; Artiumek, 'Gernika' margolanari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu