Aspaldian erretiroa hartuko zuela iragarri arren, zorionez oraindik mehatxua ez du bete Hollywoodek duen zuzendaririk interesgarrienetakoak. Contagion bikainaren ostean, hemen dakar bere film berria, eta, zuzendari hiperaktiboa denez, beste bi ditu noiz estreinatuko zain: The Bitter Pill eta Behind the Candelabra.
Magic Mike Channing Tatumen ideia batetik sortu zen. Gaztetan, filmeko protagonistak hainbat hilabetez striper gisa egin zuen lan, eta mundu horren gaineko pelikula bat egitea interesgarria izaten ahal zela bururatu zitzaion. Soderberghi ideia gustatu zitzaion, eta forma emateari ekin zioten.
Mike protagonistak amets amerikarra egia bihurtu nahi du, eta horretarako gaztetik ikasketak utzi eta hamaika lanetan ibiliko da. Dena den, benetako aukera klub bateko striper hasiko denean sortuko zaio, egun batetik bestera Magic Mike izanen da, eta berehala izar bihurtuko da. Hortik aurrera dirua, edertasuna, sexua... dena izanen du eskura.
Handik denboraldi batera, beste striper bat hasiko da klub berean lanean, eta Magic Mikek dakien guztia irakatsiko dio. Laster, bien arteko lehia handia sortuko da.
Film honen bitartez, gizonezkoen striptease-ko klubetako errealitatea erakutsi nahi izan du Steven Soderberghek, baita lanbide horrek dituen alderdi ilunak ere.
'MAGIC MIKE'
Zuzendaria: Steven Soderbergh.
Aktoreak: Channing Tatum, Alex Pettyfer, Matthew McConaughey, Olivia Munn, Matt Bomer.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2012.
Iraupena: 110 minutu.
Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
'Striper' baten arrakasta
Atsedenik hartzen ez duen Steven Soderbergh zuzendariaren azken filma da 'Magic Mike'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu