antzerkia

'Su txikian' antzezlana "osatu eta biribildu" egingo dute Otegiren liburuarekin

2012ko urriaren 4a
18:08
Entzun

Imanol Murua Uria kazetariaren Loiolako hegiak eta Jesus Egiguren PSE-EEko presidentearen ETA. Las claves de la paz liburuak oinarri hartuta ekin zioten euskal antzezle batzuek, Galder Perezek idatzita eta zuzenduta, Su txikian antzezlanari prestatzeari, baina orain "osatu eta biribildu" egin dute, Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidearen El tiempo de las luces liburua argitaratu ondotik —Fermin Munarriz kazetariak Otegiri egindako elkarrizketa liburua da—. Hala esan du Perezek bere Twitterrean.

Loiolako-eta elkarrizketa politikoei buruzkoa da Su txikian, eta aurten estreinatuko du Glu Glu konpainiak, euskaraz eta gazteleraz. Aurreneko emanaldiak Azpeitian izango dira, euskaraz: azaroaren 6an udaletxeko ganbaran, eta hil bereko 9an Soreasu antzokian. Gaztelaniazkoa, berriz, Elgoibarren izango da, azaroaren 16an. Hain zuzen ere, Elgoibarren ari dira entseatzen.

Azkeneko hamarraldian euskal gatazkaren konponbiderako saioek ibilitako bidea taularatuko dute. Elgoibarko Txillarre baserrian Otegik eta Egigurenek Pello Rubioren konpainian izandako solasaldietatik Loiolako hiru aldeko elkarrizketetaraino, Osloko eta Genevako hoteletan ETAko solaskideek Espainiako Gobernuko ordezkariekin izandako hartu-emanetan barrena ibiliz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.