Datorren asteartean hasi eta igandean bukatuko dute Miarritzen (Lapurdi) Ikus-entzunezko Saioen 2008ko FIPA Nazioarteko Jaialdia eta, aurtengo ekitaldian, Suediako zinema izango dute aztergai -urtero herrialde bateko zinemagintza aztertzen dute-.
Igandean jakingo da zein filma izango diren sarituak -hilaren 27an-, eta aurten berrikuntza bat egingo dute: filma sarituak Donostian Tabako Fabrikan ere ikusgai jarriko dituzte azkeneko egunean bertan.
Urtarrilaren hasieran jakinarazi zutenez, Fernando Fernan Gomez aktore zendu berria oroitu eta omenduko dute 2008ko ekitaldian. Liman jaio zen hura, 1921eko abuztuaren 28an, eta 2007ko azaroaren 21ean hil zen, Madrilen. Ehunka filmetan parte hartu zuen eta XX. mendeko Espainiako zinemagintzako aktorerik ezagunenetakoa izan zen.
1996ko ekitaldian Ohorezko Eurofipa saria jaso zuen Fernan Gomezek. Aurten sari hori Martina Gedeck aktoreak jasoko du. Florian Henckel von Donnersmark-en Das Leben der Anderen (2006), Oskar Roehler-en Elementarteilchen (2006), Robert de Niroren The good Shepherd (2006) eta Sandra Nettlbeck-en Bella Martha (2001) filmetan egin du lan, besteak beste, Gedeckek.
Bost atal izango dira Ikus-entzunezko Saioen FIPA Nazioarteko Jaialdian: fikzioa, serieak, dokumentalak, erreportajeak eta musika. Zuzendari gazteen lehiaketa ere antolatuko dute.
Aurten ez da euskarazko filmarik izango. Bai Euskal Herrian grabaturiko pelikula bat: La-ffaire finaly, David Corn-Brzozarena. Euskal Herrian kokaturiko istorio bat jaso du eta hemen grabatu dute zati bat.
Kultura
Suediako zinema aztergai aurten FIPAn
Hilaren 22tik 27ra bitartean izango da Ikus-entzunezko Saioen Nazioarteko Jaialdia, Miarritzen, eta azkeneko egunean filma sarituak Donostian ere ikusi ahal izango dira, Tabako Fabrikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu