Literatura

Sufrimenduaz eta heriotzaz egin du gogoeta Anjel Lertxundik ‘Zu’ nobelan

Emazteari diagnostikatu dioten minbiziak bizitza aldatu dion bikote baten gorabeherak kontatzen ditu, gizonezkoaren ikuspegitik.

Anjel Lertxundi idazlea. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
Juan Luis Zabala
2015eko azaroaren 24a
16:48
Entzun

Pankreako minbizia diagnostikatu zioten Anjel Letxundiren Zu nobelako Zu pertsonaiari 2012ko ekainaren 19an. Horrek bizitza aldatu zien hala Zuri nola haren senarrari. Senarra idazlea da, eta diagnostikoaren ondoren errealitate horri aurre egiten, errealitate hori onartzen eta errealitate horretara egokitzen saiatzen da idazketaren bidez. Senarrak “dietario moduan” idatziek osatzen dute Zu nobela (Erein), Lertxundik adierazi duenez.

Liburua aurkeztean azaldu duenez, ezer gutxi asmatu du Lertxundik Zu nobela idazteko, bere emazteari pankreako minbizia diagnostikatu ziotenez geroztik gertatuetan oinarritu baita hura idazteko. Fikziotzat jo daitekeela uste du hala ere, hizkuntzaren bidez “errealitatearen elaborazio bat” egin duelako liburua idaztean. “Fikzioa idazkuntzan dago”, Lertxundiren ustez. Horrenbestez, bat dator Inazio Mujika Iraola Erein argitaletxeko editorearekin Zu nobela bat dela esatean.

Pertsonaiari Zu izena ematea oso baliabide egokia dela uste du Mujika Iraolak, eta aurrerago ere gogoratuko dela Lertxundik Zu nobelan egindako aurkikuntza hori. Lertxundik adierazi du naturaltasun osoz bururatu zitzaiola pertsonaia Zu izendatzea, eta iruditu zitzaiola erabaki horrek biribildu egiten zuela nobelari eman nahi zion ikuspuntua. Zuren senarra idazlea da, eta idazteko modua aldatu egiten du senar gisa edo idazle gisa aritu: senar gisa, lehenengo pertsonan mintzo da; idazle gisa, hirugarren pertsonan, distantzia handiagoz. 

Zu pertsonaiaren senar idazleak idatzitako testuak literaturako aipuz josita daude, baina hiru idazleren lanak dira presentzia handiena dutenak: Thomas Mann, Mendi magikoa-rengatik (Der Zauberberg jatorrizkoan); Albert Camus, Izurria, Caligula eta beste hainbat libururengatik; eta Susan Sontag, gaixotasunaz eta heriotzaz idatzitako liburuengatik. Baina beste egile askoren aipuak ere badaude, euskal literaturakoak barne, Imanol Zurutuzaren Errautsera arteko sugarra eta Joxe Aranzabalen Medikuak esan dit minbizia dudala bereziki. Liburuko lehen aipua ere euskal idazle batena da, Oier Guillanena: “Minarena naiz zorionarena beste”.

“Bizitzaren udazkenean sakontzen duen nobela” da Anjel Lertxundiren Zu, Erein argitaletxeak iragarri duenez, “heriotzaren ezinbestekotasuna bizitzaren liluraz hesitu nahi agonikoa”.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.