Literatura. Hirudia
Supergizonaren mitoa
Txikitan neuk ere Superman izan nahi nuen. Eiffel dorrea eskuen indarrarekin mugi zezakeelako bainoago, Lois Lane anderea hegaz eramaten zuelako. Loisek Superman heltzeko zuen moduak txoratzen ninduen, neskatilaren eskuek super-heroiaren mozorroaren oihalaren leuntasuna senti zezaketelako usteak. Baina, nor zen zinez Superman? Umberto Ecok heroiari buruzko ikuspegi bitxia azaltzen du bere Apokaliptikoak eta integratuak liburuan. Beharbada, guztiok nolabait buruan ongi definitu gabe izan dugun pentsamenduari forma ematen dio, besterik gabe. Sarritan gertatzen da, gugan susmo lauso bat besterik ez zena norbaitek zehaztasunez izendatzen duela, eta horrexek argitzen digula zein zen benetan gai jakin bati buruz geneukan iritzia. Ecok Supermani buruz esaten dituenak oso egiten zaizkit interesgarri, bereziki fikziozko pertsonaia bat sortzeko prozesuan izan ohi ditugun zalantza inkontzienteak hitzez jartzen dituelako. Zerk eman zion Supermani aurrekaririk gabeko arrakasta hura? Alde batetik, gizarteak eta literaturak betikoa izan duten mitoak sortzeko beharra asetu zuen: heroi boteretsua zen, ordura arteko heroi guztiak irrigarri uzten zituena. Bestetik, dimentsio lurtarra zuen, arrunta, humanoa. Kalez jantzita zihoanean, izaki lotsatia eta ikaratia zen, moldakaitza, kazetari traketsa, otzana eta emakumeekin motza. Hain zen bikaina bi dimentsioen arteko oreka, ze zaleak milioika ugaldu baitziren; Supermanen arazoekin atsekabetzen ziren, eta arazoon konponbidearen aurrean, pozez txoratzen jartzen ziren: «Irakurle ertainak, konplexuek ikaratuta eta parekideek arbuiatuta, identifikazio prozesu logiko bati esker, elikatzen du itxaropena egunen batean, bere nortasunaren hondakinetatik super-heroi bat loratuko dela, urteetako ertainkeria guztia berreskuratzen lagunduko diona», dio Ecok. Ez dakit zehazki zein den gaur egun Supermanen status-a, baina errezeloa dut, ia denok barre egiten badiogu ere, haurren artean betiko lilura sortzen segitzen duela. Lilura handiagoa sortuko luke, bere egileak hasieran eman zion bortizkeria hilgarria berreskuratuko balu (40ko hamarraldian debekatu zioten Supermani hurkoa hiltzea), baina hori beste kontu bat da. Nolanahi ere, galbidean datorren heroiaren pertsonaia zinez egiten zait, literaturaren ikuspegitik, interesgarri. Eskuartean hartuko banu, nobela batean adibidez, betitik buruan izan ditudan galderak egingo nizkioke, hala nola, asmorik ba ote duen galtzontziloa noizbait barrutik eramaten hasteko, arropak aldatzeko telefono kabinen ordezkorik pentsatu ote duen (kaleetatik kabinak kendu dituztela ikusita), edo, arazo are humanoagoetara joz, inoiz gertatu ote zaion azazkalak moztekoa galtzea, azukrerik gabeko txikleek aireak eragiten ote dizkioten, kolesterola zaintzen ote duen edota zein eragin izan duten sare sozialek super-heroien bizitzetan. Uste dut inolako kriptonita baino zitalagoa izango litzatekeela gaurko eleberrigintzaren ikuspegi zinikoa, petrala, zikina eta gupidagabea, eta Supermanek ez lukeela amore eman beste erremediorik. Literaturak bakarrik akabatu dezake mitoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu