Musikeneko gaur egungo orkestra ikasketen zuzendari Pierre Caorekin lehiaketa publikoan gailendu aitzin harremana izan zuela aitortu du Carmen Rodriguez Suso Musikeneko koordinatzaileak. Alabaina, argitu nahi izan du hala egin ezean Caok ez zuela «sekula» hautagaitza aurkeztuko,«ezta beste profesional sonatu batek ere, lehiaketaren ebazpena hemen soilik argitaratu baitzen». Horrenbestez, deialdia publiko egin aurretik Caorekin harremanetan jartzea Musikenera «lehen mailako profesionala ekartzeko ezinbesteko urratsa» izan zela azaldu zuen Rodriguez Susok, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean atzo eginiko agerraldian. EAk eta PPk eskatuta eman zituen azalpenok, Pierre Caoren kontratazioan irregulartasunak egon direla zabaldu baitute zenbait komunikabidek azken asteotan.
Rodriguez Susok gaineratu zuen Cao hautatzea ez zela soilik bere erabakia izan. «Lehiaketara aurkeztu egin zen, beste hamar hautagairekin, eta Musikeneko patronatuko batzorde iraunkorrak egin zuen hautagaitza horren alde, 10 puntutik 9 emanez». Rodriguez Susoren arabera, aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunean bildu ziren, hautagaitza bakoitza ondo itxitako gutun azal baten barruan aurkeztuta. «Ireki aurretik finkatu genituenmerituak baloratzeko irizpideak». Punturik gehien Caok jaso zuela dio Rodriguez Susok. Musikeneko koordinatzaileak ziurtatu zuen orkestra ikasketen zuzendaria hautatzeko prozesua «akatsik gabea» izan zela; «inork ez du helegiterik aurkeztu», azpimarratu zuen.
Ordea, Musikenerako profesional egokia lortze aldera, Caorekin ez ezik beste norbaitekin ere harremanetan izan al zen galdetu zioten zenbait legebiltzarkidek. «Maila handiko beste profesional bati ere» lehiaketaren berri eman ziola esan zuen Rodriguez Susok, baina ez zuen izena esan nahi izan, «bestela ez da inoiz inor aurkeztuko Musikeneko lehiaketa batera», argudiatu zuen. Dena dela, talde politikoei hautaketako bileraren aktaren kopiak eman zizkien, «prozesuaren gardentasuna egiazta» zezaten, baina «hautagaien izenak ez zabaltzeko» erregutuz. Izan ere, Musikeneko zuzendaritza taldea «difamazio kanpaina mediatiko baten biktima» izaten ari dela kritikatu zuen. «Modu ez zilegi batez lortutako informazioa maltzurki erabili dute», salatu zuen. Lehiaketara deitu aurretik, Caoren eta Rodriguez Susoren artean mezu elektronikoen bidezko elkarrizketa bat izan zen, eta zenbait hedabidek edukia argitaratu dute, hitzez hitz.
Mezu pribatuak
Legebiltzarkideek onartu zuten «era anonimoan» iritsi zaiela elkarrizketa horren edukia. Hala, Juanjo Agirrezabala EAko eledunak hitz horiek bereak al ziren itaundu zion Rodriguez Susori. «Lehiaketara deitu aurrekoak dira, eta orkestraren hurrengo urteko lanen berri ematen zaio Caori, prestatuz joan dadin. Badirudi ziurtzat jotzen zenuela Cao izango zela hautatua». Rodriguez Susok ez zuen ukatu frantsesez idatzitako mezu horiek bereak direnik, baina «txarto itzuli eta interpretatuak» izan direla nabarmendu zuen.
Bestalde, Musikeneko ikasle talde batek ohar bat kaleratu du Rodriguez Susoren taldearen kudeaketa txarretsiz eta haien profesionaltasuna ezbaian jarriz.
Susok ukatu egin du Cao kontratatzea lehiaketara deitu aurretik erabaki zuela
Musikeneko buruak dio orkestra ikasketen zuzendaria hautatzeko prozedura «akatsgabea» eta «gardena» izan zela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu