Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak «Tabakalera eta Donostia 2016 proiektuak uztartzearen alde» egingo zuela iragarri zuen bezperan, aurretik gehiagotan ere azaldu izan zuen modura. Baina egitasmoa ez da gauzatuko. Atzo goizean egin zuen bilera Tabakalerako Administrazio Kontseiluak, eta, bozketa egin ostean, Tabakalerak bere kultur proiektu propioa garatzen jarraituko duela erabaki zuen. Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoa Diputazioko eta Donostiako Udaleko ordezkariek osatzen dute Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko Administrazio Kontseilua. 15 ordezkarietako zortzi dira Bildukoak.
Tabakalerako zuzendaritza kulturala eta gerentzia postuak beteko dituzten pertsonen hautaketa prozesua martxan jartzea adostu zuten atzo egindako bileran. Postuen aukeraketa lehiaketa publiko bidez egingo da. Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Diputazioak iritzi desberdina zuten gai horren inguruan ere. Blanca Urgellek zuzentzen duen Kultura Sailak Tabakalerak eta Donostia 2016 egitasmoak bat egitea eta bi egitasmoak zuzendaritza beraren esku egotea nahi zuen, «baliabideak optimizatu» ahal izateko.Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatuak, aitzitik, Tabakalerak «bere proiektu propioa» baduela adierazi zuen herenegun: «Zuzendari eta lan talde berriak egitasmoa definitu behar du, bere egin eta egungo garaietara moldatu».
Zuzendaritza kulturalaren posturako deialdiari zegokion puntuan eta aurrekontuari zegokionean Eusko Jaurlaritza abstenitu egin zen atzoko bozketan, baita Marisol Garmendia Donostiako Udaleko PSE-EEko zinegotzia ere. Horrenbestez, zuzendari eta gerente berriak hautatzeko prozesua abian jarriko da; bestalde, 2012 urteari dagokion gastu arruntaren aurrekontua ere onartu egin zuten. Erakunde bakoitzaren ekarpena 375.000 eurokoa izango da.
Desenkontruen historia
Tabakaleraren egitasmoaren historia desenkontru eta definizio gabezia baten historia izan da. Garai batean tabako fabrika izan zena, kultura garaikidearen gune izateko egitasmoa aspalditik zetorren, baina 2007an hasi zen benetan garatzen. 2010. urtetik zuzendaririk gabe dago, ordea, Joxean Muñozek dimisioa eman baitzuen orduko alkateak, Odon Elorzak, egitasmoan hainbat aldaketa txertatu eta gero. 2011ko urtarriletik gerentziarik gabe dago Tabakalera. Miriam Anituak hartua zuen ordura arte zuzendaritza kargua, baina ez modu publikoan. Orduz geroztik atzerapenak eta desenkontruak izan dira nagusi. Egitasmoa berbideratzea kontu zaila izan da, eta aurrerantzean ere ez dirudi erraz joango denik. Joxean Muñozi behin baino gehiagotan eskaini izan diote proiektuaren zuzendaritza har dezan berriro ere, baina hark orain artean ez ditu onartu eskaintza horiek. Muñozek osasun arazoak ere izan ditu.
Tabakaleraren eraikineko obrak egiten ari dira, baina hura sostengatuko duen kultur programa eta eredua zehaztea da falta dena, egitasmoaren muina, alegia. Gipuzkoako Diputazioarentzat eta Donostiako Udalarentzat zuzendari, gerente eta lan talde berria osatzea izan da lehentasuna, eta Eusko Jaurlaritzarentzat, aldiz, Donostia 2016 egitasmoarekin bat egitea zen garrantzizkoena. Bi egitasmoak «independenteak» direla, baina «sinergiak» sortuko direla esan du, esaterako, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak.
Tabakalera eta Donostia 2016 ez batzea erabaki du Administrazio Kontseiluak
Eusko Jaurlaritzak aurkezturiko asmoa atzera bota eta zuzendaria aukeratzeko prozesua abiatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu