Lau urte iraun dute obrek, eta uztailean bukatuko dituzte; "ezustekorik izan ezean", Haritz Azkarraga Tabakalerako kudeatzaileak azaldu duenez. Abuztuan "azken ukituak" emango dizkiote, eta irailerako prest egongo da. Hain zuzen, hilabete horretako 11rako irekiera festa iragarri dute, baina oraindik ez dute jakinarazi egitaraua.
Ikus-entzunezko aldiriak. Ingerada marrazten duten puntuak izango da aurreneko erakusketa. Soledad Gutierrez eta Anna Manuensek komisariatu dute, eta bertako eta kanpoko artisten 21 obra jasoko ditu.
Espazioen banaketa, hilabetez hilabete
Era berean, zinema aretoa martxan egongo da irailetik aurrera. Donostiako Zinemaldiaren sail bat hartuko du eraikinak, baina antolatzaileek ez dute esan zein izango den.
Egonaldiei dagokienez, Ikusmira Berriak ekimenaren barruan lau zuzendarik hartuko dute aterpe eraikinean irailetik aurrera; urrian, beste hiru erresidentzia izango dituzte.
Eta irailean martxan jarriko duten beste espazioetako bat izango da Ekimen Txikiena. Bost egitasmo pribatu hartuko dituzte: El secadero, microteatro y cultura, NON gallery, Nana, Arteuparte eta Argazki Ekimenak.
Sorkuntza Liburutegiaren kasuan, berriz, abenduan irekiko dute.
Horiez gain, Zinemaldiak jaialdiko bulegoak jarriko ditu Tabakaleran; eta Kutxak ere hartuko ditu bulego batzuk.