Tabakalerako eraberritze lanen %23 Kutxak finantzatuko ditu

Ekarpen ekonomikoa egiteaz gain, kultur jarduerak sustatu, garatu eta egingo ditu erakundeak

Martin Garitano, Xabier Iturbe, Blanca Urgell eta Juan Karlos Izagirre, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Donostia
2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Kutxa Fundazioak eta Tabakalera proiektua kudeatzen duten erakundeek bi akordio sinatu zituzten atzo. Hitzarmenaren arabera, Kutxak Tabakalerako eraikinaren eraberritze lanen zati bat finantzatuko du, eta, horrekin batera, Tabakalerako proiektuari eduki kulturalak eskainiko dizkio.

Obren %23 finantzatuko ditu Kutxak, 13.700.000 eurorekin. Eraberritze lanak 2012. eta 2016. urteen artean egitea espero dute, eta, akordioaren arabera, urte bakoitzeko apirilaren 1ean egin beharko du ekarpen ekonomikoa Kutxak. Lanak amaitu ondoren zenbatuko da kostuaren behin betikoa, eta orduan ikusiko da Kutxak %23ren baliokide den zifrara heltzeko falta zaiona ordaindu beharko duen edo, portzentaje hori gainditzen badu, zenbateko diru kopurua itzuliko zaion.

Xabier Iturbe Kutxako presidenteak jakinarazi zuenez, «%23 hori eraikin osoaren 5000-6000 metro koadrori dagokio», eta hori izango da Kutxak bere ekintzak garatzeko erabilgarri izango duen espazioa. Horrekin batera, Tabakalerara eramango dituzten proiektuen berri eman zuen Iturbek. Helduentzako prestakuntza ikasgelak, Fototeka, artista gazteentzako guneak, Kutxa Kultura —zinema, moda eta musikaren inguruko jarduerak—, espazio multikulturalak, eta baztertze sozialari eta lan integrazioari lotutako proiektuak dira, oraingoz, Tabakalerara lekualdatuko dituzten egitasmoak.

Jardueraren bat martxan jarri aurretik, ordea, patronatuarekin kontsultatu beharko du Kutxak, «ekintza horiek Tabakalerako proiektu orokorrarekin zentzua izan dezaten». Patronatua Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak osatzen dute, eta horiek kudeatuko dute kultur proiektua.

Proiektua, hilabete barru

Oraindik, hala ere, zehaztu gabe dago Tabakalerako kultur proiektua. Administrazio Kontseiluak atzo egin zuen bilera bat, eta hilabeteko epea hartu du proiektuaren antolaketaren oinarriak eta Tabakaleraren zuzendaritzaren gaineko erabakiak zehazteko. «Mahai gainean zenbait proiektu ditugu, eta garrantzitsua da ondo adostea bai proiektuaren ingurukoak eta bai hura zuzenduko dutenen ingurukoak ere», azaldu zuen Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.