Tabakalera

Tabakaleraren irekiera ospatzeko, ekintzaz beteriko asteburua antolatu dute

Irailaren 11tik 13ra bitartean, bisita gidatuak eta askotariko emanaldiak izango dira Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan.

Ane Rodriguez, Tabakalerako zuzendaria. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
Ihintza Elustondo
2015eko abuztuaren 19a
15:24
Entzun

Lau urte iraun duten eraberritze lanen ostean, irailaren 11n irekiko dute Donostiako Tabakalera. Ane Rodriguez zuzendariak gaur goizean azaldu duenez, “guztiok barruan zerbait aurkitzea” da lantaldearen helburua. Proiektua jendearengana hurbiltzeko, ekintza sorta zabala antolatu dute, haren irekierarekin bat. Irailaren 6an, Kutxa kultur jaialdiko azken kontzertua eraikinaren kanpoaldean egingo dute. Eskoziako Mogwai bandak joko du, Tabakalera zabaldu aurreko programari hasiera emanez. Gainera, hilaren 11n zabalduko duten arren, 8tik 10era bitartean bisita gidatuak egiteko aukera izango da.

Irailaren 11n hasiko da irekiera ekitaldia, 18:00etan. Jai kutsuko eguna prestatu dute, eta hara bildu nahi duten herritar guztientzat irekia izango da. Besteak beste, eraikina ezagutzeko aukera egongo da, eta erakusketa aretoa eta sotoa inauguratuko dituzte. 21:00etatik aurrera, Chico Tropico eta AMI PLIN DJen emanaldiak izango dira.

Irailaren 12an eta 13an ere izango da irekierako jarduera berezirik, hala nola proiekzioak, performanceak edota teknologia eta kultura digitalarekin erlazionatutako topaketak. Larunbatean, gainera, zinema aretoa zabalduko dute, Ivan Zulueta donostiarraren Un, dos, tres, al escondite inglés filmarekin.

Horrez gain, Hirikilabs hiri laborategiak ere berriro jarriko dituzte martxan; oraingoan, Tabakaleran. Donostiako Zinemaldiaren ingurumarian, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa ere bertan egingo dute.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.