Filma hautatzeko arrazoia.
Sarah Polleyren aurreko filmek jasotako sari eta kritika onek bultzatu naute filma ikustera. Michelle Williams asko gustatzen zait aktore modura, baita antzezteko aukeratu izan ohi dituen filmak. Gaiak berak ere erakartzen ninduen: drama erromantikoa, bikote bati buruzkoa...
Aurreikuspenak bete ditu?
Ez, ez zait gustatu nola heldu dion gaiari, eta ez zait gustatu korapiloa askatzeko modua ere. Ez da sinesgarria, nabariegia tarteka, goxoegia ere bai, nire gusturako.
Nabarmentzeko zerbait.
Michelle Williamsen lana, batetik. Garrantzi handiegirik ez duen filmaren artea gustatu zait orokorrean: sukalde zaharrak, bigarren eskuko arropak... 90eko hamarkadara eraman ninduen, Lili Taylor, Cosas que nunca te dije... Eta egia esan, nik garai hartan ez neukan buruan bikote harremanek nola izan behar zuten, maitasuna betiko ote zen... Horregatik, halako denbora sentsazio arraro bat sortu zidan pelikulak...
Akatsik topatzekotan...
Musika. Momentu konkretu batean abesti bat sartzeak gehiegi baldintzatzen du ikuslea... Musikaren erabileran ere Isabel Coixet zuzendariaren eragina agerian geratzen da. Filmaren bukaera samarrean bideoklip moduko bat egin du Leonard Cohenen Take This Waltz kantuarekin, ohe baten bueltan, eta oso sinplea iruditu zait. Ez zait gustatu sekuentzia hori.
Gogoan gordetako sekuentzia.
Emakume helduak dutxan, biluzik, potolitak... ez da ohikoa, Saraband (Ingmar Bergman) gogorarazi dit. Dena den, gorputz helduak eta gazteak banatu egiten ditu, leku eta plano desberdinetan... Askoz ere ederrago, poetikoago eta indartsuago izango litzateke sekuentzia guztiak batera baleude.
Nori gomendatuko zenioke.
Coixeten azken filmak maite dituen horri.
Donostiako 59. Zinemaldia. Sei gomendio, sei iritzi. Maite Arroitajauregi. Musikaria
'Take this Waltz'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu