Artea

Tapiesen hiru dimentsioak

Antoni Tapies artista kataluniarraren 85 objektu eta eskultura biltzen dituen erakusketa zabaldu dute Bilboko Guggenheim museoan. 1964tik 2009ra arteko piezak hartzen ditu bildumak. [youtube]http://youtu.be/xZXVuzc2LXg[/youtube] 

Inigo Astiz
2013ko urriaren 3a
14:18
Entzun

Urratu, hautsi, josi, markatu eta margotu. Lorratza uzten zien eskutara heltzen zitzaizkion objektu guztiei Antoni Tapies artistak (Batzelona, 1923- Bartzelona, 2012). Bere marka utzi, eta bere bilakatzen zituen. Gertuko objektuak erabiltzen zituen horretarako. Horregatik daude Bilboko Guggenheim museoko gelak aulkiz, botilaz, armairuz eta atez beteta. Iaz hildako sortzaile kataluniarraren lan eskultorikoari eskainitako erakusketa batekin abiatu dute denboraldia. Antoni Tapies, objektuetatik eskulturara (1964-2009) izenekoarekin. 1964tik 2009ra bitarteko 84 pieza bildu dituzte. Plater pilo batekin hasi, eta golde batekin amaitu. Baina ohiko objektuak izanagatik, inpaktu handikoak dira haietariko asko. Artista ageri dute atzean. Eta horrek egiten ditu berezi. Urtarrilaren 19ra arte izango da erakusketa zabalik.

Alvaro Rodriguez izan da erakusketako komisario lanetan aritu dena. Haren hitzetan, funtsezkoa da artistak hiru dimentsioko piezekin egindako lana. Izan ere, Tapiesen ibilbidea ia osoa hartzen du ildo horrek, eta Rodriguezen ustez, pinturan egindako lanaren osagarri ere izan da. “Artistaren ibilbidean gune garrantzitsua dute eskultura eta hiru dimentsioko objektuek, baina maiz bitxikeriatzat edo bere jardun nagusiaren bazterrean edo paraleloan kokatu dituzte adituek”. Bere ustez, ordea, garrantzitsua da eskulturan egindako lana artistaren bilakaeran. Eta hain zuzen ere 60ko hamarkadatik kasik hil zen arterainoko ildo eskultoriko hori azpimarratzea da erakusketaren ekarpen nagusia.

Matematika eta gurutzea

Sei aretotan sailkatu dituzte kataluniarraren lanak, ordena kronologikoaren arabera eta baita gaika ere. Museoko bigarren solairu osoa hartzen du erakusketak, eta piezen buelta osoa ikusi ahal izateko moduan antolatu dute bilduma arduradunek. Eta hain zuzen ere, eskulturen atzealdeetan ikusi daiteke gehienetan Tapiesen sinadura. Ederra da, adibidez, erakusketa ixten duen pieza. Golde bat baino ez da zutik, baina arbela txiki bat du beheko aldean. Formula matematiko ulertezin bat eta gurutze txuri bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.