Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2016/17 abonu denboraldia urriaren 3an hasiko da Gasteizen eta 2017ko ekainaren 22an bukatuko da, Donostian. Denboraldi berrian orkestrak 11 programa desberdin eskainiko ditu egoitza bakoitzean: Bilbon (Euskalduna Jauregia), Donostian (Kursaal auditorioa), Gasteiz (Principal antzokia) eta Iruñea ( Baluarte auditorioa).
Programa sinfoniko-koral batek zabalduko du denboraldia. Carl Orff konpositore alemanaren lanik ezagunena, Carmina Burana, lehen aldiz emango du EOSek abonu kontzertuetan. Donostiako Orfeoia izango du lagun zati koralean, ongi asko ezaguzten baitu lan hori. Egitarau sinfoniko-koralari datorren denboraldiko ekitaldi garrantzitsuenetako batek emango dio segida. Bilboko Koral Elkarteak hartuko du Orfeoiaren lekukoa eta Francisco Escuderoren Gernika operaren irakurketa berri bat egingo du EOSrekin batera, hiribilduaren bonbardaketa izan zeneko 80. urteurrenean, apirilaren 26an. Jose Ramon Encinar orkestra zuzendariak lan horren proposamen berri bat aurkeztuko du, Gernikako Pasarteak izenburupean.
Denboraldiko beste mugarrietako bat, Hosokawa proiektua deitu dutena izango da. Gaur egungo konpositore entzutetsuenetakoa da Tashio Hosokawa japoniarra, erreferentea nazioarteko musika garaikidearen esparruan. Haren obrak interpretatuko ditu orkestrak urteko une desberdinetan, tsunamiaren inguruko gogoeta egiteko edo shakuhachi japoniar flauta tradizionala ezagutzera emateko; eta horrez gain, orkestrak konpositoreari buruzko monografikoa plazaratuko du Naxos zigilu erreferentzialaren eskutik, Jun Märkl zuzendaria gidari izanik. Proiektu hori Japan Festivalekin lankidetzan garatuko dute, Donostia 2016ren bidez.
Musikari bakarlarien artean nabarmenduko dira Pinchas Zukerman biolin jotzaile israeldarra, Nicolas Angelich pianista estatubatuarra, Katia & Marielle Labeque ahizpa baionarrak eta Enrico Dindo (Italia) eta Amanda Forsyth (Kanada) biolontxelistak. Zuzendari lanetan ariko dira, berriz, Ari Rasilainen finlandiarra eta Hans Graf austriarra, besteak beste.