Teknikoki sasoitsu iritsi da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara Beñat Gaztelumendi, eta teknikari eutsita eskuratu zuen Arrasateko aurreneko finalaurrekoan Illunbeko finalera sartzea. Orain lau urteko txapelketan txahala zenak teknikoki duen sasoiari esker lortu zuen finalera sailkatzea, bigarren kartzelan azken bertsoan egin zuen potoarekin teknikari zapalkada egin bazion ere. Lan dotorea egiten ziharduen bigarren kartzelan ordura arte. Ariketa horretan nabarmendu zen Gaztelumendi, orduan lortu zuen teknikaz harago entzuleak bereganatzea. Ordura arteko ariketetan mailari eutsiagatik eta lan ona eginagatik, bertsoak teknikaz harago borobiltzea falta izan zuen entzuleak bereganatzeko. Teknikoki sasoitsuen egon litekeen txapelketa honetan bertsoak borobiltzea eta entzuleak bereganatzea falta izan zitzaion bai atzokoan eta baita Villabonako finalaurrekoan ere.
Iker Zubeldia eta Agin Rezola izan ziren Gaztelumendiri falta izan zitzaionean nabarmendu zirenak eta entzuleak gehien bereganatu zituztenak. Zubeldiak zortziko txikian puntuka Gaztelumendirekin egin zuen lana bukatuta, Uarkape pilotalekua lehertu egin zen; mila lagun inguru zeuden bertan. Bigarren kartzelakoan egin zuen behera Zubeldiak. Tonu oneko zegoela nabari zitzaion Rezolari, eta era horretara lortu zuen entzuleekiko konexioa eta saio txukuna egitea. Alaia Martinek ariketa gehienetan utzi zuen ale onen bat. Oro har, nahasiagoa izan zen, eta balekoagotik joan zen Felix Zubiak eta Iban Urdangarinen lana.
Egitura berriak, emaitza ona
Final-laurdenetan ez bezala, finalaurrekoetako lan puntuagarrien egitura berriak emaitza ona izan zuen. Saio dinamikoa izan zen. Oier Aizpurua aurkezlea bakarrik igo zen oholtzara, eta ondotik igo ziren bertsolariak banaka lehen kartzelako lanera. Hasierako agurra botata, lehen puntuak emanda hiru bertso osatu behar izan zituzten. Guztiek eman zuten onetik lehen ariketan. Zortziko handian pausatu zen saioa, ondoren, zortziko txikian puntutan berriz bizitzeko. Sei puntuko motzean eta bigarren kartzelan doinu eta neurri librean kantatu zuten azkenik.
«Sekta batean sartuta zaudete. Gaur liderrak esan dizue azken bidaia egitera zoaztela», egokitu zitzaien gaia Zubeldia eta Zubiari. Serio atera zen oholtzara Zubeldia, baina bigarren ariketarako ez zien berezko duen umorearen zain zeuden entzuleei hutsik egin. «Beraz, zerua beteta dago / neska gazte ta andragaiz. / Abioiean sartuta zoaz / askatasunaren usaiz. / Traste hoietan mareatzen naiz / ta mareatu ere maiz; / Felix, aurretik abia zaitez / ni autobusen joango naiz», bota zion Zubeldiak Zubiaren bigarren bertsoari erantzunez. Pozoia hartzera gonbidatu zuen Zubiak, eta honela borobildu zuen bertsoaldia Zubeldiak: «Pozoi pixka bat har dezagula / esaten dezu hurrena / ni oraintxe nago meriendatuta / zuk hartu zazu aurrena».
Sei puntuko motzean, Rezola eta Gaztelumendirena izan zen lanik osoena. Haurdun zeuden biak, sei hilabeteko, Gaztelumendi haurdunaldia gozatzen ari zen; Rezola, ostera, sufritzen. «Ta hiru hilabetera / irtendakoan kalera / ni ere berriz jaioko bainaiz / berekin batera», bukatu zuen aurreneko bertsoa Gaztelumendik. «Berriz jaiotzia klaro / ederki esana dago / ni ere berriz jaioko naiz bai / bizirik banago», erantzun zion Rezolak. Eskua sabelean zuela bukatu zuen bertsoaldia Gaztelumendik: «Ta nik bezela, begira / jarri hor eskua, tira / hitzik gabeko maite zaitut bat / esaten ari da».
Dimisioa 'Berria'-n
«Egoerak bultzatuta, azkenean, dimisioa aurkeztu duzu», egokitu zitzaien bigarren kartzelarako gaia. Egunkari honetako zuzendaria balitz bezala kantatu zuen Gaztelumendik krisiaren harira. Honela osatu zuen bigarren bertsoa:
Batzuenak bete eta / gureak zaizkigu husten / diru gabe aurrera jo nahiz /jardun naiz burua hausten. / Jaurlaritza ez da ariko / akaso sakelak puzten / baino guretzat zeuzkaten / denak gastatu zituzten / ta egoerari orain / ez dago errexa eusten. / Urteetan jardun gera gu bidea erakusten / begiradek maiz dituzte / gure orriak biluzten / baina nik letra gorriak / baino ez ditut ikusten.
«Hizkuntza haundiek sarri / nahi dutenean zabaldu / bidea errexa dute: / txikiagoak zapaldu. Ta kalera atera naiz / euria ere bota du / egunkari orritxoak / gure parera zabaldu / haizeak bultzaka dira / kalean ertzean galdu / hizkuntza txikiok ere / haizea kontra daukagu». Potoa poto, bikain borobildu zuen bertsoaldia.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Lehenengo finalaurrekoa
Teknikoki, punta zorrotz
Beñat Gaztelumendi Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean izango da, Arrasateko finalaurrekoa irabazita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu